12:36

Politika

Katalunia

Illak profil teknikoko Gobernua osatu du, "guztion ongizatea eta Kataluniaren defentsa" helburu jarrita

agentziak | eitb media

Astelehen honetan hartu dute kargua ofizialki 16 kontseilariek, tartean Miquel Samper eta Ramon Espadaler CiUko kontseilari ohiek.

0:44
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Salvador Illak osatu du jada Gobernua, inbestiduran babesa lortu eta bost egunera, eta esan du lantaldearen helburu "bakarra guztion ongizatea bilatzea eta Kataluniaren defentsa" izango direla.

Horixe adierazi du Illak Generalitatearen Jauregian egindako ekitaldian, kontseilariak karguaren zina egiteko ekitaldian, eta gaineratu du Gobernu "transbertsala" izango dela eta "hirugarren eraldatze handiari" egin beharko diola aurre legegintzaldian.

Illak azpimarratu du izendatutako kontseilarien "trebetasuna eta balio sozialdemokratak egiaztatuta" daudela. 

Presidente berriak "katalanaren defentsa" jarri du "nazio kataluniarraren bizkarrezur" gisa, baina "nazio katalana Espainiaren espazio komun eta partekatuan, Espainia nazioanitzean, zerumuga federala duen Europan".

16 kontseilari

Generalitatearen presidenteak departamentu kopurua ugaritu du, eta indar berezia eman die aditu eta teknikariei, tartean CiUrenak izandako kontseilariak sartuz.

Pere Aragonesen Gobernua 14 departamentuk osatzen zuten, eta oraingoak 16 izango ditu, presidentearekin batera bederatzi emakume eta zortzi gizonezko izango dituena.

Gobernuko izen garrantzitsu bihur daitezke, karguagatik edo duten pisuagatik: Nuria Parlon (Barne eta Segurtasun Publiko Saila), Albert Dalmau (Presidentzia), Silvia Paneque (Lurralde, Etxebizitza eta Trantsizio Ekologikoko kontseilaria eta bozeramailea), Alicia Romero (Ekonomia eta Finantzak) eta Jaume Duch (Europar Batasuna eta Atzerri Ekintza) Europako Parlamentuko bozeramaile ohia.

Profil teknikoko eta espezializatutako kontseilari kopurua handia izango da: Olga Pane (Osasuna), Monica Martinez Bravo (Eskubide Sozialak eta Inklusioa), Francesc Xavier Vila (Hizkuntza Politika), Nuria Montserrat Pulido (Ikerketa eta Unibertsitateak), Sonia Hernandez (Kultura) eta Berni Alvarez (Kirola).

Illak kanpainan eta ondoren esan zuen lehentasuna zerbitzu publikoen funtzionamendua bermatzea izango zela, eta horretarako, profil profesionalen aldeko apustua egin du.

Fitxaketa deigarrienen artean azpimarratu beharko litzateke, era berean, Miquel Samper, Quim Torraren Gobernuan Barne kontseilaria izan zena. Ramon Espadaler CiUko kide ohia ere Generalitatean izango da, eta Justizia eta Kalitate Demokratikoaren ardura hartuko du.

ERCri egindako bi keinu aipagarri ere badaude: inbestidura akordioan agertzen zen moduan, Illak Francesc Xavier Vila jarri du Hizkuntza Politika arloan, Pere Aragonesen Gobernuan ere lan egiten zuen soziolinguistika aditua, eta Kulturan Sonia Hernandez, orain arte Kultur Ondareko zuzendari nagusi izan dena.

Illaren taldea osatzeko, PSCn ibilbidea luzea egin duten eta gai batzuetan espezializazio maila altua duten pertsonak daude: Esther Niubo (Hezkuntza eta Lanbide Heziketa), Eva Menor (Berdintasuna eta Feminismoa) eta Oscar Ordeig (Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura).

Udalgintzatik iritsitakoak ere badaude Gobernuan, tartean Nuria Parlon Santa Coloma de Grameneteko alkatea, Silvia Paneque Gironako buruzagi sozialista, Albert Dalmau Bartzelonako Udaleko gerentea eta Eva Menor Badia del Valleseko alkate ohia.

Izendapena sinatu eta Kataluniako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, hamasei kontseilariek gaur bertan egin dute karguaren zina Generalitatearen Jauregian, eta bihar, abuztuak 13, izan daiteke Gobernu berriaren lehenengo bilera, PSCren, ERCren eta Comunen babesarekin Illak inbestidura lortu eta bost egunera.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena