10:24

Politika

KATALUNIA

Puigdemont: "Amnistia legeek amnistiatzeko balio ez badute, arazo demokratikoa du herrialde horrek"

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Iragarri bezala, 09:00etan Bartzelonan agertu da Kataluniako presidente ohia. Harrera-ekitaldia egin diote Lluis Companys pasealekuan, eta alderdikideek babestuta egin du oholtzarako bidea.

0:53
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

"Oraindik hemen gaudela gogorarazteko etorri naiz, ez dugulako uko egiteko eskubiderik". Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren —2017an egin zuen ihes, independentzia aldarrikatu eta Espainiako Estatuak hura atxilotzeko agindua eman ostean— hitzak dira, Bartzelonara itzuli berritan egin duen aurreneko agerraldian. Garaipenaren Arkuaren parean eta milaka jarraitzaileren aurrean hitz egin du.

Iragarri bezala, 09:00etan Bartzelonan agertu da Kataluniako presidente ohia. Harrera-ekitaldia egin diote Lluis Companys pasealekuan, eta alderdikideek babestuta egin du oholtzarako bidea. Ondoren, Salvador Illa PSCko hautagaiaren inbestidura saiora joatea zela bere asmoa esana zuen, baina ez da joan.

Sei minutu inguru iraun dituen hitzaldian, Puigdemontek nabarmendu du Espainiak "arazo demokratikoa" duela, besteak beste, "amnistiatzeko balio ez duen amnistia legea" duelako. Esan duenez, Kataluniako herriari ez zaio interesatzen halako herrialde batean egotea.  "Ez gaitzatela nahastu. Erreferenduma egitea ez da eta ez da izango delitua. 2,3 milioi herritarrek eman zuten botoa orain zazpi urte. Autodeterminazioa herrien eskubide bat da, eskubide kolektiboa", erantsi du. Hala, politikan "erabakitzeko eskubideari uko egiteko eskubiderik ez" dagoela azaldu du.

JxCatek deitutako ekitaldira, Consell de la Republica, ANC, Omnium Cultural eta AMI independentziaren aldeko elkarteak batu dira. Han izan dira, baita ere, ERC eta CUP alderdietako ordezkariak ere.

"Ez dakit noiz ikusiko dugun berriro elkar. Gertatzen dena gertatuta ere, ikusten garenean, gaur hitzaldia amaituko dudan aldarriarekin izan dadila: Gora Katalunia askea!", amaitu du, "aukera berriak" etorriko direla oihukatuz.

Kataluniako prozesu independentistan —'proces' izenez ezaguna— dirua bidegabe erabiltzea leporatuta, Puigdemont atxilotzeko agindua dute Esquadra Mossoek, Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epaileak emanda. Amnistia Legetik kanpo utzi zuten delitu hori.

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena