Politika
KATALUNIA
Agentziak | EITB MEDIA
Illaren inbestidura saioa osteguneko 10:00etarako deitu du Kataluniako Parlamentuak. Dena dela, Junstseko buruzagiaren balizko atxiloketa baten aurrean, egokiena bilkura "atzeratzea" litzatekeela uste du Rullek.
Josep Rull, alderdiekin egindako bilera sortaren ostean. EFE
Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteak ohartarazi duenez, Carles Puigdemont presidente ohia atxilotzen badute —Kataluniara bidean da, eta hura atxilotzeko agindua dute Mossoek— "ezin dut onartu inbestidura saioa normal egitea". Hori horrela, horren ustez, egokiena bilkura atzeratzea litzateke.
Vilaweb webguneari eskainitako elkarrizketa batean esan du "eginahalak" egingo dituela diputatu baten atxiloketa saihesteko. Izan ere, argudiatu du Parlamentua demokratikoki sakratua dela, eta ezin direla ezein diputaturen eskubideak mugatu. Azaldu duenez, hori defendatzeko "argudio juridiko irmoak" daude, eta Kataluniako Estatutua eta onartutako bi protokolo aipatu ditu, berbarako.
Polizia ganberan sartuko balitz egingo lukeenaz galdetuta, argi mintzatu da: "Puigdemont presidentea Parlamentuko lekurik seguruenean kokatuko nuke, nire bulegoan. Oso argi dut".
Kataluniako Parlamentuko presidentearen esanetan, inbestidura atzeratzearen erabakia berari dagokio, baina aitortu duenez, "Mahaiarekin adosten saiatuko nintzateke, erabaki irmoagoa izateko". Gogora ekarri duenez, 2018ko urtarrilean ere bilkura bat atzeratu zuten, Puigdemontena berarena, hain justu.
Inbestidura osteguneko 10:00etarako deituta
Ingurumari honetan, Kataluniako Parlamentuko Diputazio Iraunkorrak Illaren inbestidura saioa biharko 10:00etarako deitu du. Hautagai sozialistak bermatuta ditu presidente izendatzeko babesak, ERCk eta Comunsek bere alde egingo baitute.
Rullek berak atzo egindako proposamena da Diputazio Iraunkorrak onartu duena. PSC, Junst, ERC, Comuns eta CUP alderdietako kideek egin dute horren alde (19 boto), eta hiru abstentzio izan dira (PPC eta Vox).
Bilkuraren ordua baieztatu eta ia aldi berean, Carles Puigdemont Juntseko presidenteagaia eta Kataluniako presidente izandakoak iragarri du itzulera abiatu duela eta bihar 09:00etarako deitu ditu hedabideak Bartzelonan. Inbestidura saioa, beraz, ordubete geroago da egitekoa.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa