11:43

Politika

KATALUNIA

Puigdemontek iragarri du bere itzulera abiatu duela eta bihar 09:00etarako deitu ditu hedabideak Bartzelonan

AGENCIAS | EITB MEDIA

Sare-sozialetan zabaldutako argitalpen batean, Generalitateko presidente ohiak jakinarazi du Kataluniara itzultzeko bidea abiatu duela, biharko inbestidura saioan parte hartzeko.

2:16
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

"Erbestetik itzulerako bidea" abiatu duela iragarri du gaur Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi eta JxCat alderdiko buruak —2017an egin zuen ihes, independentzia aldarrikatu eta Espainiako Estatuak hura atxilotzeko agindua eman ostean—, bihar Parlamentean egitekoa den Salvador Illaren inbestidura saioan parte hartzeko. ERCko eta Comunseko diputatuen botoekin, presidente izendatzeko babes nahikoa du hautagai sozialistak.

X sare-sozialean zabaldutako bideo batean egin du iragarpena Puigdemontek; horma zuri baten aurrean eta Europako eta Kataluniako banderak alboan dituela ageri da, mezua non eta noiz grabatua den jakiteko arrastorik utzi gabe. Bere hitzetan, "normaltasun demokratikoan" ez litzateke beharrezkoa diputatu batek inbestidura saiora joango dela iragartzea. "Baina gurean ez dira baldintza demokratikoak ematen", zehaztu du, "Auzitegi Gorenak Amnistia Legea aplikatzeari uko egiten diolako". "Desafio horri erantzun eta aurre egin behar diogu. Horregatik abiatu dut erbestetik itzulerako bidea. Ziur naiz errepresio politikoaren amaiera dela normaltasun demokratikorako bide bakarra", gehitu du.

Bere aldetik, JxCatek harrera-ekitaldia antolatu du biharko, Puigdemonti ongietorria egiteko. 09:00erako deitu ditu hedabideak, Lluis Companys pasealekuan, Parlamentetik oso gertu eta inbestidura saioa hasi baino ordubete lehenago. Josep Rull Kataluniako ganberako presidenteak jada iragarri du saioa bertan behera utziko duela, Puigdemont atxilotuz gero. "Atxilotzen badute, ezin dut onartu inbestidura saioa normal egitea", esan du.

Esquadra Mossoek segurtasun-dispositibo zabala ezarriko dute bihar, neurri zorrotzekin, Parlamentaren sarrera-irteerak zaintzeko. Independentziaren aldeko hainbat elkartek iragarri dute mobilizazioa biharko, eta baita Vox talde ultraeskuindarrak ere.

Auzitegi Gorenak ez dio Amnistia Legea ezarri nahi Puigdemonti, eta indarrean dauka hura atxilotzeko agindua.

ERC, harrera-ekitaldira

ERC alderdiak jakinarazi du presidente ohiari egingo zaion harrera-ekitaldira ordezkaritza bidaliko duela, eta, "exiliatu guztieikin egin duten bezala", Parlamentaren sarreran Esquerrako diputatuak prest egon direla Puigdemont hartzeko.

Agiri labur batean, alderdi errepublikanoak Puigdemonti Amnistia Legea ezartzea eskatu du. "Zure ondoan gaude. Etxean nahi zaitugu eta aske", idatzi du ERCk.

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena