13:50

Politika

BEGOÑA GOMEZ AUZIA

Begoña Gomezek ere kereila jarri du Peinado epailearen aurka, prebarikazioagatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Antonio Camacho abokatuak azaldu duenez, epaileak ikerketan hartutako erabakiak "bidegabeak", "arbitrarioak", "arrazoigabeak" eta "kontraesankorrak" direlako erabaki dute kereila jartzea.

  • Begoña Gomez eta Pedro Sanchez, artxiboko irudi batean.

    Begoña Gomez eta Pedro Sanchez, artxiboko irudi batean.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Begoña Gomez Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen emazteak ere kereila jarri du bere kontrako ikerketa zabalik duen Juan Carlos Peinado epailearen kontra, prebarikazioa eta sekretuak argitaratzea egotzita. 

Estatuko Abokatutzak, Espainiako Gobernuaren izenean, Peinadoren kontra kereila jarri eta egun gutxira iritsi da Gomezena. Azken horrek Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiari eskatu dio Peinado iker dezala, prebarikazioagatik eta sekretupeko informazioa zabaltzeagatik.

Gomezen abokatuak, Antonio Camachok, eman ditu kereila horren inguruko azalpenak. Esan duenez, besteak beste, epaileak martxan duen ikerketan hartutako erabakiak "bidegabeak", "arbitrarioak", "arrazoigabeak" eta "kontraesankorrak" direla argudiatu dute Madrilgo Auzitegira igorri duten txostenean.

Abokatuaren aburuz, Peinadoren instrukzioa "ezohikoa, okerra, gaiztoa eta prospektiboa" da.

Manos Limpias sindikatu ultraeskuindarrak aurkeztutako salaketa baten ondotik erabaki zuen Peinado epaileak Gomezen aurkako auzia irekitzea, aurrez Fiskaltzari galdetu gabe. Ondoren, Fiskaltzak auzia artxibatzeko eskatu arren, eskaria atzera bota zuen. Halaber, Guardia Zibilaren txostenaren arabera, ez dago delitu zantzurik Espainiako presidentearen emaztearen jardunean.

Aipaturiko salaketa horretan jasotakoaren arabera, Espainiako gobernuburuaren emazteak lizitazio publikoetara aurkeztu diren enpresak gomendatu edo babestu zituen bere sinadurarekin.

Kereila onartzeak epailea bazter lezake

Gomezek aurkeztutako kereila tramitera onartzen badute baliteke Peinado epaileak Espainiako gobernuburuaren emaztearen aurka irekitako auziaren buru izaten ez jarraitzea, edo magistratuaren aurkako errekusazioa ekartzea.

EFE agentziak kontsultatutako iturri juridikoen arabera, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak Begoña Gomezek aurkeztutako kereila izapidetzea onartzen badu, epaileak pauso bat bazterrera eman beharko luke. Hori egin ezean, Gomezen abokatuak, Antonio Camachok, epailea baztertzeko eta beste magistratu bat auziaren buru jartzeko errekusazio-auzia martxan jar dezakeela azaldu dute.

Datorren astean, Auzitegi Nagusiak erabaki behar du Gomezen eta Estatuko Abokatutzaren kereilak bat egitea edo bakoitzak bere bideari jarraitzea, galdetutako iturri horien arabera. Hala ere, abuztua hilabete baliogabea denez auzitegietan, kereilari buruzko erabakia irailean hartzea espero dute.

Gaur jakitera eman dutenez, Estatuko Abokatutzak Peinadoren aurka jarritako kereilaren inguruan erabakiko duten bi magistratuk, Celso Rodriguezek eta Juan Jose Goyenak, 2023ko irailean epaile beraren aurkako kereila bat tramitera ez onartzea erabaki zuten.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena