Politika
epaileen organo gorena
Botere Judizial berriak asteartean aukeratuko du presidentea, zazpi hautagairen artean
Agentziak | EITB Media
Bost emakume eta bi gizon dira, denak Auzitegi Goreneko magistratuak. Presidentea hautatzeko bost herenen gehiengoa behar da, hots, gutxienez 20 bokaletatik 13k hautagai beraren alde egitea.
-
Algunos de los nuevos vocales del CGPJ. Foto: EFE
Legeak ezarrita duena baino bost urte eta erdi geroago eta PPk eta PSOEk lortutako akordioa tarteko, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiaren (BJKN) bokal berriek kargua hartu, eta erakundearen zortzigarren agintaldiaren lehen osoko bilkura egin dute gaur.
Ordubete inguruko bileran, epaileen organo gorena zuzentzeko zazpi hautagai izendatu dituzte. Asteartean, hilaren 30ean, egingo dute bozketa (10:00etan hasita).
Bost emakume eta bi gizon dira hautatutakoak, denak ere Goreneko magistratuak. Honako hauek dira: Esperanza Cordoba, Antonio del Moral, Ana Ferrer, Angeles Huet, Carmen Lamela, Pablo Lucas eta Pilar Teso.
Bozketa izenezkoa da, eta bost herenen gehiengoa behar da. Hau da, gutxienez 20 bokaletatik 13k egin behar dute hautagai beraren alde.
Legearen arabera, BJKNko Presidentziarako hautagai izateko hainbat baldintza bete behar dira: Auzitegi Goreneko magistratua izatea, edo 25 urte baino gehiagoko eskarmentua izatea legelari moduan.
Ohiko legez, 20 bokalek osatzen dute Botere Judizialeko Kontseilu Nagusi berria. Erregearen aurrean karguaren promesa egin dute gaur, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea bertan zela.