14:21

Politika

ESKUMENAK

Kautelaz bertan behera utzi dute atzerriko unibertsitate tituluak balioztatzeko eskumena EAEra eskualdatzea

EITB MEDIA

Eusko Jaurlaritzari ez zaizkio egokiak iruditu Gorenaren argudioak eta nahiago du konstituzionaltasun blokea aplikatzea. Zehaztu duenez, tituluak homologatzeko 200 eskabide daude erregistratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

  • Artxiboko irudia

    Artxiboko irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzien salak bertan behera utzi du, kautelaz, apirilaren 9ko 366/2024 Errege Dekretuaren indarrean sartzea. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari ematen zaizkio atzerriko goi-mailako hezkuntza-sistemen esparruan lortutako tituluak Espainiako unibertsitate-titulu ofizial batera homologatu eta baliokidetzeko eginkizunak.

Auzitegiak Errege Dekretuaren aurkako errekurtsoak ebazten dituen bitartean, kautelazko neurri hau hartzeko eskatu zuten hainbat elkargo profesionalek. Horri erantzunez hartu erabaki hau Gorenak.

Gorenak bere argudioetan azaldu duenez, "ez dago eragozpenik", urte honetan zehar, "errekurtso horiek osorik izapidetzeko eta hauen funtsei buruzko ebazpena emateko". Beraz, azkenean hartuko den erabakia ezeslea bada, "ez da gehiegi oztopatuko eskualdatutako eginkizunak betetzea, eta, baiestekoa bada, ez zaio autonomia erkidegoari emango ez dagozkion erabakiak hartzeko aukerarik".

Zentzu horretan, epaileek adierazi dute prozeduran parte hartu eta kautelazko neurri honen aurka egin duten Eusko Jaurlaritzako abokatuek "erakutsi dutela dekretua eteteak eragin oso txikia izango lukeela". Adierazi dutenez, "Erkidegoak ez luke titulazioen gaineko behin betiko ebazpenik emango hamar hilabetean gutxienez, beste arrazoi batzuen artean, ez direlako hartu beharrezko antolamendu-neurriak eta neurri funtzionalak". Gorenaren autoak nabarmendu duenez, "une horretara iritsi baino lehen epaia emango dugu".

Bestetik, ebazpenak dio "gero eta titulazio gehiago izateak eta ezohiko mugikortasunak zuhurtzia handiz jokatzea aholkatzen" dutela, batik bat, "jarraibide homogeneoak betetzen direla" ziurtatu ahal izateko.

Hala, magistratuek ohartarazi dute Estatuak zaindu egin behar duela lurralde osoan arlo horretan homogeneoki jardungo dela, eta gogorarazi du gaiak "hezkuntzaren dimentsioa gainditu eta lanbideen jardunaren gainean proiektatzen" duela. Gaiaren zailtasuna azpimarratu dute, eta azaldu dute "zuhurtzia oro gutxi" dela "erakunde batetik bestera izan daitezkeen irizpideen desberdintasuna prebenitzeko".

Auzitegi Gorenak argitu duenez, "horrek ez du esan nahi EAEko Administrazioaren jarduera bidegabea izan daitekeela aurreikusten denik".

Une honetan, atzerriko unibertsitate-tituluak homologatzeko 200 eskabide daude erregistratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez, orain "lehentasuna da kautelazko etetearen erabaki horrek Euskadin profesionalki garatu nahi duten 200 pertsona horien proiektuak ez geldiaraztea".

Horrez gainera, eskumen hau Gernikako Estatutuan jasota dagoela gogorarazi dute; "euskal erakundeek legez bereganatutako eskumena da", esan dute. Horrenbestez, Gorenak kautelazko eteterako eskaintzen dituen irizpideak ez zaizkie "egokienak iruditzen eskumenak banatzeko gai bat ebazteko", eta nahiago dute "konstituzionaltasun-blokea aplikatzea eta Konstituzio Auzitegiak erabakia hartzea".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena