09:09

Politika

Elkarrizketa Radio Euskadin

AHTaren loturaren inguruan Puente ministroak esandakoarekin “harrituta” agertu da Eider Mendoza

EITB Media

Radio Euskadiko 'Crónica Fin de Semana' saioari eskainitako elkarrizketan, Mendozak adierazi du "ulergaitza" egiten zaiola orain esatea "azken orduko aldaketa egiteko arrazoiak arazo teknikoak izatea".

0:33
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia "harrituta" agertu da Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroak aste honetan esandakoekin. Puente Abiadura Handiko Trenaren konexioaren inguruan aritu da, eta EAE eta Nafarroa arteko lotura "Gasteiztik egitea aukerarik onargarriena" dela esan du.

Radio Euskadiko Crónica Fin de Semana saioari eskainitako elkarrizketan, Mendozak adierazi du "ulergaitza" egiten zaiola orain esatea "azken orduko aldaketa egiteko arrazoiak arazo teknikoak izatea". Lotura Ezkio-Itsasotik egitearen alde agertu da Mendoza, lotura Gasteiztik egitea "ingurumen ikuspegitik askoz ere okerragoa izango litzatekeelako". Horrek, gainera, atzerapena ekarriko lukeela esan du, "denbora bikoitza" beharko bailitzateke.

Gipuzkoako ahaldun nagusiaren ustez, "zilegi da Gasteizko alkatea Gasteizko loturaren alde agertzea", baina Ezkio-Itsasoko lotura da "onena Gipuzkoarentzat eta herriarentzat".

Halaber, gaineratu duenez, Puente ministroari zuzenean eskatu diote bilera, Estatu idazkariak orain arte ez baitu onartu elkarrekin biltzeko egindako eskaria; izan ere, "horren iritzian ez dago aparteko informaziorik guri emateko", ahaldun nagusiaren esanetan.

Fiskalitatea

Erreforma fiskalerako lantaldearen txostena Batzar Nagusietan onartu izanaz ere mintzatu da Mendoza. "Tresna fiskalak oso ondo funtzionatu du, eta krisi egoerei ondo erantzun die, baina orain erronka berriak daude", gaineratu du. "Erronka demografikoa dago, etxebizitzarena, gazteriarena, baita pertsonak erakartzearena ere, talentua erakartzearena, eta erronka horiek guztiak zerga arloan ere txertatu behar ditugu. Erronka horiek guztiak lantaldearen testuan sartu dira, talde politikoek kontrako botorik eman gabe, eta hori oso garrantzitsua da ", azpimarratu du.

Araua urte amaierarako onartzeari begira, ahaldun nagusiak uste du EH Bildu izan daitekeela beste fiskalitate bat aurrera ateratzen lagunduko duena. "Hori izatea gustatuko litzaidake, EH Bilduk, EAJk eta PSEk herritarren % 90 ordezkatzen baititugu, eta, beraz, oso mezu positiboa litzateke herritarrei helaraziko geniekeena. Alderdien ardura da", adierazi du.

Azkenik, eta Eusko Jaurlaritza berriari dagokionez, "legegintzaldi hasiera" indartsu ari dela bizitzen nabarmendu du; "ilusio handia dute dituzten proiektuak, erronkak, aurrera eramateko".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena