Politika
Bilera sorta
EITB Media
Osasun elkargoen ordezkaritza zabal batekin batzartu dira gaur lehendakaria eta Osasun sailburua. Bilera bukatuta, Farmazialarien eta Fisioterapeuten Elkargoak osasun ituna adosteko prest azaldu dira. Erizainen Elkargoak proposamena aztertzeke duela esan du, eta medikuenak ez du iritzirik eman.
Euskadiko Farmazialarien Kontseiluak eta Fisioterapeuten Elkargoak Imanol Pradales lehendakariarekin eta Alberto Martinez Osasun sailburuarekin Ajuria Enean egindako bileraren balorazio positiboa egin dute.
Bi agintariek osasun alorreko hainbat elkargoren ordezkariak (Farmazia, Medikuntza, Erizaintza eta Fisioterapia) hartu dituzte, biek Osakidetzako sindikatuekin eta elkargoekin abiatutako batzar sortaren baitan.
Bilera amaituta, Miguel Angel Gastelurrutia Farmazialarien Elkargoko presidenteak eskerrak eman dizkio lehendakariari osasun ituna adosteko elkargoaren parte hartzea bultzatu izanagatik. Era berean, euren "esker ona eta prestasuna" agertu du "itun handi hori egiten laguntzeko eta parte hartzeko, baita euskal osasunaren hobekuntzan lan egiteko ere".
Azaldu duenez, farmazialariek agerian utzi dute profesional horiek betetzen duten eginkizunaren garrantzia hainbat osasun eremutan: ospitaleko farmazia, lehen mailako arreta, analisi klinikoak, genetika...; baita farmazia komunitarioan ere".
Bestalde, Iban Arrien Euskadiko Fisioterapeuten Elkargoko presidenteak esan du bilera "oso positiboa" izan dela, eta "aurrerapauso handitzat" jo du.
Erizainen Elkargotik adierazi dute entzutera joan direla hitzordura, eta Jaurlaritzak egindako proposamena aztertu behar dutela oraindik. Azkenik, Medikuen Elkargoak ez du batzarraren inguruko iritzirik plazaratu.
Elkargoetako ordezkari bana egongo da osasun itunaren mahaian (irailean osatuko dute).
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa