Politika
lehendakariarekin bilera
EAJk bilera "diskretuak" egingo ditu irailetik aurrera alderdiekin estatutu berrirako ituna adosten hasteko
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Andoni Ortuzar jeltzaleen buruzagiak egin du iragarpena Imanol Pradales lehendakariarekin bildu ostean. Osakidetzaren egoera izan da batzarrean jorratutako beste gai garrantzitsua, eta horretan ere, laguntzeko prest azaldu dira jeltzaleak
EAEko hauteskundeetan indar bozkatuena izan zela eta, EAJk "lidergoa bere gain hartu" eta Euskadiren estatutu berria izango dena negoziatzeko ardura bere egingo du. Hala, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak gaur iragarri duenez, jeltzaleek bilera sorta "diskretua" abiatuko dute irailean akordioa ehuntzen hasteko.
Ortuzar bera eta Joseba Diez Antxustegi EAJk Legebiltzarrean duen bozeramailea Imanol Pradales lehendakariarekin bildu dira goizean Ajuria Enean. Hitzorduaren ondotik, agerraldia eskaini dute biek, eta hor egin du iragarpena jeltzaleen buruak.
EAJko presidenteak azaldu duenez, jeltzaleak bat datoz Pradalesek inbestidura saioan gai horren inguruan esandakoarekin. Hots, alderdiei dagokiela "estatutu itun berria bideratzeko prozedura egokiena adosteko zeregina". Ildo horretan, lehendakariari jakinarazi dio EAJ "prest dagoela elkarrizketa denbora hori kudeatzeko" eta horretarako "egunotan Ajuria Eneatik igaro diren alderdiekin" bilduko dela jakinarazi du (Vox, horrenbestez, kanpo geratuko da beste behin). Hartu-emanotan alderdi politikoen prestutasuna ikusi eta "erronka" horren metodoa eta helburua zehazten saiatuko dira. Ortuzarren hitzetan, "garrantzitsua eta beharrezkoa da euskal autogobernua eguneratzea, eta Euskadirako estatus berri bat lortzea". Bilerok "diskretuak izango dira, ezinbestean", argitu duenez.
Bestalde, lehendakariari jakinarazi dio EAJk Gasteizen eta Madrilen dituen talde parlamentarioen "lankidetza osoa" izango duela Gernikako Estatutuan transferitu gabe dauden eskumenak transferituak izan daitezen.
Osasunaren inguruko akordioa: "EAJren konpromisoa da itun hori lortzen laguntzea"
Osakidetzaren egoera izan da batzarrean jorratutako beste gai garrantzitsua, eta horretan ere, laguntzeko prest azaldu dira jeltzaleak. "Lehendakariak egindako diagnostikoa eta lehentasunak partekatzen ditugu, eta horien artean, euskal osasun sistemaren inguruko herri itun bat lortzeko beharra. Gure konpromisoa da itun hori lortzen laguntzea".
Gainerako alderdiei erantzukizuna eskatu die Ortuzarrek. Aitortu duenez, euren "lehen hitzek norabide ona erakusten dute", eta ekintzetan bide bera jarraituko duten itxaropena agertu du.
Gainera, lehendakariak lehentasunezko jotako gaietan "adostasun zabalak lortzen laguntzeko" EAJren konpromisoa berretsi du Ortuzarrek.
"Aro politiko berria" EH Bildurekin
Kazetarien galderei erantzunda, EH Bilduk Jaurlaritzari atzo opatutako "arnasaz" aritu da Ortuzar. Buruzagi jeltzaleak pozez hartu du koalizio subiranistaren "estrategia politikoaren aldaketa", baina ohartarazi du "jardun parlamentarioan, egunez egun" demostratu beharko dela. "Ikusitakoan sinistuko dut", erantsi du.
Dena dela, aitortu du EAJk ere lan egin beharko duela "konfrontaziotik lankidetzara" igaro ahal izateko eta azpimarratu "aro politiko berri batean" gaudela.
Era berean, Otxandianok Pradalesi eskatutako "konfiantza esparrua"ri buruz, adierazi du berak ez duela uste horrek PSE-EE "paretik kentzen" duenik. "Are gehiago, EAJk eginahalak egingo ditu konfiantza esparru hori ahalik eta zabalen izan dadin", gaineratu du.