Itxi

Politika

BILERA-SORTA

Lehendakariak gaur itxiko du alderdi politikoekin egiten ari den bilera-sorta, EAJrekin bilduta

EITB Media

Alderdien erronda amaituta, sindikatuekin biltzen hasi da bihartik aurrera. Osasun arlokoak hartu ditu aurrena.

0:37
Ajuria Enea, gaur goizean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Atzo EH Bildurekin batzartu ondoren, gaur EAJko ordezkariekin itxiko du Imanol Pradales lehendakaria alderdi politikoekin egiten ari den bilera-sorta. Jeltzaleen izenean, Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Joseba Diez Antxustegi EAJren bozeramailea Eusko Legebiltzarrean joan dira hitzordura: 11:00etan, Ajuria Enean.

Ekainaren 22an lehendakari kargua hartu orduko martxan jarri zuen Pradalesek arlo politiko sozial eta ekonomikoko eragileekin biltzeko agenda. EAEko hiru lurraldeetako ahaldun nagusiekin bildu zen aurrena, uztailaren 1ean, eta Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin biltzen hasi zen uztailaren 11n.

Vox elkarrizketetatik kanpo utzi du Pradalesek, "marko etiko eta demokratikoarekin bat ez" datorrelako. Hala ordezkaritza txikienetik handienerako ordenan, Sumarrekin ekin zion alderdien bilera errondari, hilaren 11n. Uztailaren 12an Alderdi Popularreko Javier de Andresekin eta Alderdi Sozialistako Eneko Anduezarekin elkartu zen.

Alderdiekin bilerak gaur amaitu ostean, euskal eragile sozialekin, sindikatuekin eta patronalarekin batzartuko da lehendakaria. Aurrena, osasun alorreko sindikatuak hartuko ditu. Hala, bihar bertan, uztailaren 17an, Alberto Martinez sailburuarekin batera, Satse eta SMErekin bilduko da, eta egun bat geroago gauza bera egingo du elkargo profesionalekin.

Ostiralean, berriz, ELA sindikatuaren txanda izango da, eta LAB eta CCOO sindikatuak, hilaren 22an, hartuko ditu. Bi egun geroago, Confebaskekin biltzea aurreikusita dago, eta UGTrekin bilera ez dago oraindik itxita.

Azkenik, uztailaren 23an bilera bat egingo du euskal unibertsitateetako errektoreekin.