Politika
Adingabe migratzaileak
Agentziak | EITB Media
Sozialistek presioa egin diote PPri Voxekin harremanak erabat hausteko eta atzerritarren legearen erreforma babesteko. Hala ere, Alderdi Popularrak "lurralde nazional osorako migrazio larrialdia deklaratzea" nahi du.
Esther Peña PSOEren Zuzendaritza Federaleko bozeramailea. Argazkia: EFE
Esther Peña PSOEren Zuzendaritza Federaleko bozeramaileak presioa egin dio gaur PPri Vox eskuin muturreko alderdiarekin harremanak erabat hausteko eta atzerritarren legearen erreforma babesteko; izan ere, "ultra izatea ez da sigla edo adiskide kontua, ekintza kontua baizik".
Sanchez buru duen Zuzendaritza Federalaren bileraren ostean Ferrazen emandako prentsaurrekoan, bozeramaile sozialistak esan du, Voxek PPrekin partekatzen dituen gobernu autonomikoetatik ateratzea erabaki zuen arren, bi alderdiek bazkide izaten jarraitzen dutela, 100 udal baino gehiagotan batera gobernatuta.
"Ez dakigu zer gertatu behar den Feijoo jaunak frankismoaren nostalgikoa dela erakutsi duen alderdi batekin dituen harreman guztiak hausteko, albiste faltsuak zabaldu baititu, arrazista eta genero indarkeriaren ukatzailea baita", esan dio PPko buruzagiari, Voxi erreferentzia eginez.
Eta PPk Kongresuan gaur erregistratu den atzerritartasun legearen erreformarekin jarrera argirik ez duenez, Peñak PPri eskatu dio "albora begira jartzeari uzteko, botoak galduko dituen beldur". "Zer egingo du PPk? Bakarrik utziko al ditu Kanariar Uharteak, bertako Gobernuan daudeneean?", galdetu du.
Bestalde, PPk dokumentu bat bidali dio Lurralde Politikako ministro Angel Victor Torresi, Atzerritarrei buruzko Legea erreformatzeko lege-proposamenak Kanarietan, Ceutan eta Melillan dagoen migrazio-larrialdia soilik aitortzea kritikatuz, "kolapso egoeran dauden" beste erkidego batzuk kanpoan utzita.
Hala, Alderdi Popularrak "lurralde nazional osorako migrazio-larrialdia deklaratzea" eskatu dute, une honetan dauden kopuruak ez ezik, Espainiako Gobernuak eta gobernuz kanpoko erakundeek datozen hilabeteetarako egindako aurreikuspenak ere kontuan hartuta.
Oraingoz, erreformak ez du babesik Kongresuan aurrera ateratzeko; izan ere, PPk ez du bere jarrera argitu, eta Junts kontra dago, baina Ferrazeko iturriek azpimarratu dutenez, helburua PPren babesa lortzea da; izan ere, "Estatu politiken inguruan, Estatuko alderdiekin hitz egiten duzu", eta ez dute Carles Puigdemont maila horretan jartzen.
PSOEk, Sumarrek eta Coalicion Canariak aurkeztutako ekimenak bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren banaketa-eredua aldatu nahi du, erkidego guztiak haur eta nerabe horiek hartzera behartzeko, tokiko harrera-sistemek gainezka egiten dutenean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa