Politika
HAUSTURA ESKUINEAN
Agentziak | EITB MEDIA
Feijook "erkidegoetako gobernagarritasuna eta Espainiako aldaketa politikoa ez oztopatzeko" eskatu dio Voxi. PPk Voxen botoak edo beste alderdi batzuen babesa beharko du gobernatzen jarraitzeko.
Valentzia, Gaztela eta Leon, Extremadura, Aragoi, Murtzia eta Balearretako presidenteak. EFE
PPk bere gobernuak berrantolatu ditu sei erkidegotan, bakarrik eta gutxiengoan kudeatzeko asmoz, Voxek akordioak hautsi eta PPko presidenteei babesa kendu ostean. Gauzak horrela, unean uneko akordio zehatzak bilatzen ahaleginduko dira, toki horietan hauteskundeak aurreratzea baztertu ostean.
Santiago Abascal Voxeko buruzagiak atzo ostegunean eman zuen bere erabakiaren berri, eta ostiral honetan dimisioa eman dute bere alderdiko kontseilari batzuek Gaztela eta Leonen, Valentziako Erkidegoan, Aragoin eta Murtzian.
Extremaduran jarraitu egingo du Voxeko kontseilari bakarrak, Ignacio Higuero Baso Kudeaketa eta Landa Eremuko kontseilariak, eta Balearretan Marga Prohensek gutxiengoan eta bakarrik gobernatzen jarraituko du, baina Voxen babesik gabe.
Haustura ez da iritsi PPk eta Voxek elkarrekin kudeatzen dituzten dozenaka udaletara, Valentziara edo Valladolidera, besteak beste. Udalak, baina, ez daude bi alderdien arteko ika-mika horretatik salbu, eta ikusteko dago zer gertatzen den.
Voxek, gainera, Gaztela eta Leongo, Valentziako Erkidegoko, Balearretako eta Aragoiko parlamentuetako presidentetza izaten jarraitzen du, eta PPrekin dituen akordioei ez die uko egin oraindik.
Popularrek Voxekin egindako itunak betetzea defendatu dute, Abascali bere irizpidea inposatzea leporatu diote eta PPk gobernatzen dituen autonomia erkidegoei egonkortasuna emango diela agindu dute.
Dena dela, Ignacio Higuero Extremadurako Baso Kudeaketa eta Landa Eremuko kontseilariak iragarri du bere postuan jarraituko duela eta datorren astean Voxetik alde egingo duela. Horren ustez, "partidaren erdian jokoaren arauak aldatzea ez da ez leiala ezta zintzoa ere".
Gainera, Gaztela eta Leongo Kultura kontseilariak, Gonzalo Santonja ultrak, bere zereginekin jarraituko du, Valentziako Erkidegoko goi kargudun batzuek bezala.
Santiago Abascal Voxeko buruak onartu egin du "eztabaidak eta jarrera ezberdinak" daudela alderdiaren exekutiboan PPrekin gobernatzen dituzten gobernu autonomikoak uzteko erabakiaren inguruan, baina azpimarratu du azkenean "gehiengo osoak" eta "taldean" hartu zutela erabakia.
Balizko desertzioez galdetuta (Higuero eta Santojaren iragarpenen aurretik egin ditu adierazpenak) buruzagi ultraeskuindarrak esan duenez, "pertsonalki zein politikoki ulertzen dut" pertsona batzuek agintean geratu nahi izatea, "euren lanak oso denbora gutxirako utzi behar izan dituztelako". "Geratzen badira, ez dira Voxekoak izango", azaldu du.
Ostiral honetan iritsi da, gainera, Feijooren erantzuna. PPko buruak "autonomia erkidegoetako gobernagarritasuna eta Espainiako aldaketa politikoa ez oztopatzeko" eskatu dio Voxi. PPk Voxen botoak edo beste alderdi batzuen babesa beharko du gobernatzen jarraitzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa