Itxi

Politika

PP-Vox haustura

Voxeko bi kontseilarik PPren gobernu autonomikoetan jarraituko dute, Abascali entzungor eginez

Agentziak | EITB Media

Extremadurako Gobernuko ordezkariak eta Voxek Gaztela eta Leongo Juntan zituen hiru kontseilarietako batek karguan jarraitzea erabaki dute. Eskuin-muturreko alderdiak PPrekin partekatzen zituen bost gobernu-koalizioetako gainerako ordezkariek, berriz, karguari uko egin diote.

  • Abascal, Diputatuen Kongresuan, atzo

    Abascal, Diputatuen Kongresuan, atzo. Argazkia: EFE

Voxek PPrekin koalizioan gobernatzen zituen bost gobernu autonomikoetan akordioak hautsi dituela iragarri eta biharamunera, ultraeskuina bere asmoa gauzatzen ari da, baina lehen ika-mikak ere izan dira alderdian. Extremadurako Voxeko kontseilari bakarrak eta Gaztela eta Leongo Gobernuan zituen hiru kontseilarietako batek ez dute agindua bete, eta PPren exekutiboetan jarraituko dute.

Ignacio Higuero Extremadurako Baso Kudeaketa eta Landa arloko kontseilariak iragarri du bere postuan jarraituko duela eta datorren astean Voxetik alde egingo duela. Horren ustez, "partidaren erdian jokoaren arauak aldatzea ez da ez leiala ezta zintzoa ere".

"Ulertzen dut Voxek hartu duen norabidea, baina ez nator bat horrekin eta ezin dut defendatu", esan du Higuerok Maria Guardiola Extremadurako Juntako presidentearekin batera egindako agerraldian. Higuerok (duela 10 hilabetetik da Voxen afiliatua) adierazi du bere lana Extremadura babestea eta eskualdea "ezkerreko politiketatik aldentzea" dela.

Gainera, Gaztela eta Leongo Kultura kontseilariak, Gonzalo Santonja ultrak, bere zereginekin jarraituko du, baina ez Industria eta Nekazaritza kontseilari kargugabetuek eta Juan Garcia-Gallardo presidenteordeak (Voxekoak dira guztiak), Alfonso Fernandez Mañueco Gaztela eta Leongo Juntako presidenteak iragarri duenez, eta baztertu egin du hauteskundeak aurreratzea. Bakarrik gobernatzeko asmoa du, gai zehatzen inguruko akordioak bilatuz.

Eskuin-muturrak Valentziako, Aragoiko eta Murtziako gobernuetan zituen gainerako goi-kargudunek dagoeneko baieztatu dute ez dutela euren egitekoekin jarraituko.

Santiago Abascal Voxeko buruzagiak onartu egin du "eztabaidak eta jarrera ezberdinak" daudela alderdiaren exekutiboan PPrekin bat egiten zuten gobernu autonomikoak uzteko erabakiaren inguruan, baina azpimarratu du, azkenean, "gehiengo osoak" eta "taldean" hartu zutela erabakia.

Balizko desertzioez galdetuta (Higuero eta Santojaren iragarpenen aurretik egin ditu adierazpenak) buruzagi ultraeskuindarrak esan duenez, "pertsonalki zein politikoki ulertzen dut" pertsona batzuek agintean geratu nahi izatea, "euren lanak oso denbora gutxirako utzi behar izan dituztelako". "Geratzen badira, ez dira Voxekoak izango", azaldu du.

Bitartean, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak adierazi duenez, Vox "errailetatik atera da" eta "PPk ez du inoiz xantaiarik onartuko".