Politika
ESPIOITZA
EITB MEDIA
El Pais egunkariak argitaratutako informazioen arabera, "PPko polizia patriotikoak" Podemosek 2015eko hauteskundeetan lortutako 69 diputatuak espiatu zituen, tartean Pablo Iglesias, Yolanda Diaz, Ione Belarra eta Irene Montero bera ere.
Irene Montero eta Ione Belarra, Kongresuan. EFE
Podemoseko diputatuei 2015 eta 2016. urteetan egindako ustezko espioitza "demokraziaren aurkako kolpetzat" jo du Irene Montero Podemoseko eurodiputatuak.
El Pais egunkariak argitaratutako informazioen arabera, "PPko polizia patriotikoak" Podemosek 2015eko hauteskundeetan lortutako 69 diputatuak espiatu zituen, tartean Pablo Iglesias, Yolanda Diaz, Ione Belarra eta Irene Montero bera ere.
"Hauteskundeen emaitzak aldatu dituzte, jendearen botoa aldatu dute estrategia baten bidez. Alderdi independentisten aurka ere egin dute", salatu du Monterok RAC1 irrati-katean egindako elkarrizketa batean.
Urte haietan, Podemosen aurkako "gerra mediatikoa eta judiziala" zabaldu zela esan du Monterok.
Pablo Iglesias Podemoseko buruzagi ohiak ere espioitzari buruz hitz egin du. Bere ustez, ikerketa "zigorrik gabe" amaituko da, "PSOEk PPri egindako opariaren ondoren", Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) berritzeko akordioaren ondoren.
Iglesiasek kritikatu duenez, Espainian, poliziaren, epaileen, politikaren eta komunikabideen sektore batzuek "zigorgabetasun nabarmenarekin jokatzen dute, argi eta garbi, legetik kanpo".
"Ez da egunkari baten editoriala, bizi dugun errealitatea da, etengabe egiaztatzen dena", berretsi du Iglesiasek.
Bestalde, Podemoseko diputatuak zelatatu zituzten arduradun politiko eta judizialek "erantzukizun penalak" izan behar dituztela azpimarratu du Iñigo Errejon Sumarreko bozeramaileak.
"Espainian diktadura ezarri nahi genuela leporatzen ziguten, baina, hura esaten zuten bitartean, diktaduretan egiten den bezala, zelatatu egiten gintuzten", idatzi du X sarean. "Herrialde normal batean, arduradun politikoek erantzukizun penalak hartu beharko lituzkete ", gaineratu du.
PSOEk "onartezintzat" jo du
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak adierazi duenez, "ez da harritzekoa" PPren 'polizia patriotikoak' Podemoseko 69 diputatu zelatatzea, "urteak baitaramatzagu Alderdi Popularraren Gobernuaren garaian Barne Ministerio batek Zuzenbide Estatu bati antagonikoak zaizkion horrelako ekintzak entzuten eta ikertzen". "2018ko ekainetik nire helburua jokabide horiei guztiei muga jartzea izan zen", gaineratu du. Horren aurrean, "2018ko ekaina baino lehenagoko Barne Ministerio bat eta ondorengo beste bat dagoela" ondorioztatu du.
Bestalde, Patxi Lopez PSOEk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen ustez, Estatuko aparatuen erabilera "onartezina da", baina PSOEk ez du uste Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko PPrekin duen akordioa apurtu behar duenik.
"Ez ditugu gauzak nahastuko", adierazi du Lopezek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa