Politika
OMENALDIA
Feijoo: "Batzuek terrorearen oinordekoekin adosten duten bitartean, PPk biktimen ondoan jarraituko du"
EITB MEDIA
27 urte bete dira ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia hil zuenetik, eta gaur, Ermuan, omenaldia egin diote. PPko presidentearekin batera, Marimar Blanco, Bea Fanjul eta Javier de Andres EAEko PPko burua izan dira.
Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko presidenteak adierazu du Miguel Angel Blancoren hilketa "puntu eta bereiz" izan zela "ETAren historia beldurgarrian", eta "beste batzuek, orain, terrorearen oinordekoekin adosten" duten bitartean, Alderdi Popularrak "biktimekin, arrazoiarekin eta memoriarekin" jarraituko duela gaineratu du.
Miguel Angel Blanco Ermuko zinegotzi izandakoari egindako omenaldian parte hartu du Nuñez Feijook, Blanco hil zutenetik 27 urte bete direnean. Ekitaldian Mari Mar Blanco Miguel Angel Blancoren arrebak, Javier de Andres Euskadiko PPko presidenteak eta Beatriz Fanjul Nuevas Generacioneseko presidenteak ere parte hartu dute.
Feijook gogora ekarri du Miguel Angel Blancok emandako "etika-lezioa", euren askatasuna "arriskuan" jarri baitzuten, "guk gerora gure askatasuna ez galtzeko".
"Blancok ez zuen inoiz isiltasuna aukeratu", azpimarratu du Nuñez Feijook. Gaineratu duenez, "orain ez dugu isiltasunaren edo bizitzaren artean aukeratu behar, baina bai isiltasunaren edo memoriaren artean. Eta hemen, memoria aukeratzeko gaude". "Memoria selektibo, sektario eta faltsu bat zabaltzen denean, benetako memoriaren beharra gogorarazten digu, justiziarena eta duintasunarena, alegia ", adierazi du.
"Beste batzuek, etekin politikoak lortzeko, terrorearen oinordekoekin akordioak sinatzen dituzten bitartean, PPk badaki bere tokia zein den: gure lekua biktimekin, arrazoiarekin, egiarekin, memoriarekin, justiziarekin, Gernikako Estatutuarekin eta Konstituzionarekin dago". "Besteek jakingo dute zer egiten duten, eta horren truke lortzen duten etekin politikoa zein den", amaitu du.
Gasteizen ere, omenaldia
Gasteizko Udalak ere Miguel Angel Blanco gogoratu du gaur, terrorismoaren biktimak gogoratzeko monolitoaren aurrean lore eskaintza batekin. Udal talde guztietako zinegotziek parte hartu dute.
Arabako hiriburuko alkateak adierazi duenez, ekitaldi hau "giza-eskubideen, askatasunaren eta demokraziaren aldeko" ekimena da, baita terrorismoa gaitzesteko keinu bat ere.