10:34

Politika

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Jaurlaritzak merkatu libreko etxebizitzak erosi eta alokairu sozialera bideratuko dituela iragarri du Itxasok

O. A. | EITB Media

Halaber, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak aurreratu du Etxebizitzaren Itun Soziala datorren asteazkenean elkartuko dela Lehendakaritzan.

  • Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua, Euskadi Irratian

    Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua, Euskadi Irratian

    28:34 min
imagen player
imagen player
imagen player
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Etxebizitzaren arloan dauden arazoei eta gabeziei aurre egiteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak merkatu libreko etxebizitzak erosi nahi ditu, parke publikoa handitu eta ondoren alokairu sozialera bideratzeko. Hala iragarri du gaur goizean Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan.

Hortaz, Eusko Jaurlaritza etxebizitza merkatuan sartuko da. Etxebizitza Sailak legegintzaldi honetan alokairuko 7.000 etxebizitza publiko merkaturatu nahi dituela aipatu du Itxasok. Xehetasun askorik eman gabe, helburu hori lortzeko modu asko egon daitezkeela esan du. Azaldu duenez, erosketa zuzena izan daiteke aukera bat, baina beste aukeren artean, esaterako, aipatu du sustatzaileek etxebizitza promozio bat aurrera eramateko zalantzak dituztenean Eusko Jaurlaritzak adostu dezakeela saltzen ez diren etxeak erostea. Ildo horretan, etxebizitza politikaren dimentsio sozialean sakontzea dela asmoa gaineratu du.

Edonola ere, Itxasok azpimarratu du "etxebizitza hain garesti egotearen arazoa oso konplexua" dela eta botere publikoek ezin diotela "bakarrik" aurre egin horri. Testuinguru horretan iragarri du Etxebizitzaren Itun Soziala datorren asteazkenean elkartuko dela Lehendakaritzan, Imanol Pradales lehendakaria buru dela. Horren esanetan, itun soziala "biziberritzeko" asmoz, deitu dituzte 90 eragile sinatzaileak. Horien artean daude, besteak beste, promotorak, hirugarren sektorea, banketxeak, udalak, Eusko Jaurlaritza edo unibertsitatea.

Hego Euskal Herri osoa tentsio handiko eremu izendatzeko ELA sindikatuak egindako proposamenaz galdetuta, Itxasok erantzun du hori ez dela posible gaur egun indarrean dagoen legediarekin. Are gehiago, ez du uste egokia denik udalerri "denei tarifa plana aplikatzea". Gaur gaurkoz, bi udalerrik (Errenteria eta Zumaia) egin dute gune tentsionatu izendatzeko eskaera. Hala ere, horren arabera, 43 herrik beteko lituzkete baldintzak.

Bestalde, etxebizitza erosteagatik aplikatzen diren kenkariak hiru batzar nagusien eskumena direla nabarmendu du Itxasok. Dena den, etxebizitza salerosketari eta alokairuari eskaintzen zaion tratamenduan "oreka" handiagoa bilatzearen alde agertu da.

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena