Itxi

Politika

Ikertu gisa

Bertan behera utzi dute Begoña Gomezen deklarazioa, eta hilaren 19an berriz joan beharko da epailearen aurrera

Agentziak | EITB Media

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen emazteak epaileari esan dionez, ez daki zein delitu egozten dizkioten. Gerora bere abokatuak salatu du epaileak "zigor prozeduraren oinarrizko printzipioen kontra" jardun duela, ez baitie jakinarazi Gomezen kontrako beste kereila bat onartu duela.

  • Gomezen autoa, epaitegira sartzen.

    Gomezen autoa, epaitegira sartzen. EFE

Juan Carlos Peinado Madrilgo 41. instrukzio epaitegiko buruak bertan behera utzi du gaur Begoña Gomezek, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren emazteak, bere aurrean egin behar zuen deklarazioa, eta uztailaren 19an jarri dio hitzordua, 10:00etan.

Gomez 10:18an heldu da epaitegira, eta saioaren hasieran epaileari esan dionez, ez ditu Hazte Oir elkarte ultraren kereilaren nondik norakoak ezagutzen, ezta leporatzen dizkioten delituak ere. 

Horren aurrean, epaileak prozesua eten du, egin beharreko jakinarazpenak egiteko, eta, ondoren, saioa atzeratzea ebatzi du. 

Bestalde, gaurko deklarazio laburrari dagokionez, Peinadok ez du onartu Gomezen defentsak egindako eskaera. Abokatuak galdegin zuen saioaren soinua bakarrik grabatzea, Gomez oso ezaguna dela argudiatuta, baina epaileak ez du onartu, eta bideoan ere grabatu dute azkenean. 

Gomezen abokatua: "Epaileak zigor prozeduraren oinarrizko printzipioen kontra egin du"

Antonio Camacho ministro sozialista izandakoa da Gomezen abokatua. Agerraldiaren ostean kazetariei azaldu dienez, epaileak "ezustean eta zigor prozeduraren oinarrizko printzipioen kontra" jardunda, gaur bertan jakinarazi die beste kereila bat onartu duela, Hazte Oir elkartearena. "Ez digute aurrez jakinarazi, une horretan bertan izan dugu horren berri", salatu du. 

Horren aurrean, Gomezi ez deklaratzeko aholkatu dio, horrek "deklaratzeko gogoa zuen" arren. Izan ere, gogorarazi du akusatuen oinarrizko eskubidea dela zer leporatzen zaien jakitea. 

Camachoren hitzetan, astero idatziak helarazi dizkiote epaileari informazioa eskatuz, eta joan den astean Manos Limpiasen salaketaren ingurukoak bakarrik jakinarazi zizkieten. "Gauza bitxiak gertatzen ari dira, jakinarazten ez diren kereilak, berandu heltzen diren notifikazioak...", azaldu du. 

Ultraeskuinaren hiru salaketa

Magistratuak ikertu gisa deklaratzera deitu zuen Gomez, eragimen-trafikoa eta ustelkeria leporatuta. Manos Limpias sasi-sindikatu ultraeskuindarrak Sanchezen emaztearen kontrako salaketa jarri zuen, eta epaileak onartu egin zuen. Juan Carlos Barrabes enpresaburuari —Begoña Gomezek Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean zuzentzen zuen katedrako irakaslea ere bada— esleitutako kontratu publikoak ikertzen ari da epailea.

Salaketa horri Hazte Oir elkarte ultrak aurkeztutako beste kereila bat batu zitzaion, eragimen-trafikoa egotzita hori ere. Gobernuburuarekin duen harremana "zenbait enpresa eta erakunderekin harreman komertzialak eta profesionalak izateko eta dirulaguntza publikoak lortzeko" baliatu ote zuen ikertzeko eskatu zuen. 

Vox eskuin-muturreko alderdiak ere salaketa jarri zuen Begoña Gomezen kontra, Konplutentseko masterrerako software bat bidegabe lortzea egotzita.