09:36

Politika

EUSKO JAURLARITZA

Amaia Barredo prebarikazioa egotzita ikertzen ari den epaitegiak EAEko Auzitegi Nagusiaren esku utzi du auzia

EITB MEDIA

Amaia Barredok Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Nekazaritza Garapena eta Arrantza sailburu kargua hartu ostean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bere gain hartuko du ikerketa orain foruduna delako.

  • Amaia Barredo sailburua, kargu hartze ekitaldian

    Amaia Barredo sailburua, kargu hartze ekitaldian. Irudia: EiTB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak alde batera egin du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren aurka prebarikazio delitu bat egotzita irekitako ikerketan.

Joan zen ekainaren 27ko data daukan auto batean jakinarazi duenez, prebarikazioagatiko salaketaren instrukzioa egiten ari zen epaitegiak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salara bidali ditu jarduketak, Eusko Jaurlaritzako karguaz jabetu ondoren, Amaia Barredo forupekoa baita.

Ekologistak Martxanek prebarikazioagatik salatu zuen Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde zenean emandako lizentzia baten ondorioz. Talde ekologistak adierazi zuen salatuak Valogreene Paper enpresak Bergaran aurkeztutako hondakinak balorizatzeko proiektu bat baimendu zuela.

Salaketa idazkian jasotzen zenez, proiektua "nabarmen" aldatu zen; hori dela eta, EH Bilduk gidatutako Udalak baliogabetu egin zuen hasierako baimena. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez zion jaramonik egin eta argi berdea eman zion.

Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak bere gain hartuko ditu eginbideak, eta instrukzio-epaile bat izendatu beharko du. Nolanahi ere, auto hau ez da irmoa, eta erreforma-errekurtsoa aurkez daiteke epaitegi berean, eta apelazio-errekurtsoa, berriz, Arabako Probintzia Auzitegian.

Haatik, Gasteizko instrukzio epaitegiak auzi honetan ikertutako beste pertsonaren, Javier Agirre Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren, aurkako eginbideekin jarraituko du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena