Politika
Frantziako hauteskundeak
M. D. | EITB Media
Macronen taldeko hautagaiak baldintza guztiak betetzen ditu bigarren itzulira igarotzeko, baina urrats bat atzera egin du, ultraeskuinaren garaipena ekiditeko.
Hauteskundeetako lehen itzulia.
Florence Lasserre Ensemble koalizioko hautagaia ez da Frantziako Asanblea Nazionalerako bozen bigarren itzulian aurkeztuko, Pirinio Atlantikoetako bosgarren barrutian. Emmanuel Macron presidentearen deiari erantzunez, diputatu zentristak hautagaitza erretiratu du, eta ezkerraren eta eskuin muturraren aukerak besterik ez dira egongo Baionako barrutian.
Laserrek boten % 26 jaso du, eta baldintza guztiak betetzen ditu bigarren itzulian egoteko, Fronte Popular Berriko Colette Capdevielleren (% 32) eta RN Batasun Nazionaleko Serge Rossoren (% 27) atzetik. Hala ere, ultraeskuinaren garaipena saihesteko helburuarekin, erretiratzea erabaki du, edozein kasutan, botoa emateko kontsignarik eman gabe.
Ipar Euskal Herriko beste bi barrutietan ere hiruna hautagai lortu dute bigarren itzulian egoteko eskubidea, baina ikusteke dago zer gertatuko den.
Seigarren barrutian, Lapurdiko kostaldekoa, Peio Dufau ezkertiarrak irabazi du (% 29), eta Ensemble koalizioko Christian Deveze bigarren izan da (% 26). Dufauk ohartarazi duenez, Macronen hautagaitza mantentzen bada, hirugarren postuan dagoen Victor Lastecoueres ultraeskuindarra (% 25) gailentzeko "arriskua" dago.
Bestelakoa da egoera laugarren barrutian, barnealdean. Hor ere ezkerreko hautagaia gailendu da (Iñaki Etxaniz, % 38), eta bigarren bozkatuena RNko Sylviane Lopez (% 25) izan da. Jean Lasalle eskuindarra izan da hirugarrena, % 18rekin. Beraz, hirurak bigarren itzulira igarotzea aurreikusten da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa