Politika
Eraberritze demokratikoa
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du uztailaren 17an aurkeztuko dituela Diputatuen Kongresuan eraberritze demokratikorako neurriak.
Pedro Sanchez Diputatuen Kongresuan
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du hausnartzen ari direla komunikabide digitalen finantzaketa publikoari gehienezko muga bat jartzea. Hedabide batzuek "baliabide publikoa bai, baina irakurlerik ez" dutela azaldu du eta "horrek hedabide horien independentzia arrisku larrian" jartzen duela esan du.
SER irrati katean egindako elkarrizketa batean, Sanchezek aurreratu du uztailaren 17an agerraldia egingo duela Diputatuen Kongresuko osoko bilkuran, bere hausnarketa aldiaren ostean iragarri zuen Kalitate Demokratikorako Plana aurkezteko.
Plan horren neurrietako bat Publizitate Instituzionalari buruzko Legea aldatzea izango da, hedabideak digitalizatu ondorengo errealitatera eguneratzeko eta "hedabide edo sasihedabide digitalen, tabloide digitalen," baliabide publikoen finantzaketan "gardentasuna" txertatzeko.
"Aztertzen ari garena komunikabideentzako gehieneko finantzaketa publikoa ezartzea da, azaldu du, "ez baita onargarria, baliabide publikoekin, desinformazioa eta ultraeskuinaren buloak finantzatzen aritzea". Sanchezen esanetan, hori da PPren gobernu batzuetan Voxekin gertatzen ari dena.
Presidenteak gogorarazi nahi izan du plan honek Ohorerako Eskubidearen eta Zuzentzeko Eskubidearen lege organikoak ere erreformatuko dituela.
Sanchezek iragarri duenez, bere plana aurkeztu ostean, bertan parte hartu nahi duten talde parlamentario guztiekin kontsulta-erronda bat irekitzeko asmoa du eta udazkenean, "demokrazia indartuko duten" neurri legegile guztiak martxan jarri nahi ditu.
Espainiako Gobernuko presidenteak ziurtatu du neurriak bat etorriko direla Europako araudiarekin, hala nola, Europako Alderdi Popularraren babesarekin apirilean onartu zen Komunikabideen Independentzia Legeari buruzko zuzentarauak jasotzen duenarekin. Lege horrek "gardentasuna, informazio-aniztasuna eta buloen aurkako borroka bermatzen ditu", esan du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa