Itxi

Politika

Presoak

Gehiengo sindikalak Sarerekin bat egin eta konponbidean lanean jarraitzeko asmoa berretsi du

EITB Media

Hego Euskal Herriko hiriburuetan egin dituzten elkarretaratzeetan "euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze bidean berresten" direla jakinarazi dute sindikatuek eta Sarek antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

  • Sindikatuetako ordezkarien elkarretaratzeak. Argazkia: Sare Herritarra.

    Sindikatuetako ordezkarien elkarretaratzeak. Argazkia: Sare Herritarra.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzeak egin dituzte ostegun honetan Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon Sare Herritarrarekin bat egin eta "euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze bidean berresten" direla jakinarazteko.

'Langileok konponbidean' lelopean, salbuespen neurriak kentzea, gradu erregresiorik ez egitea edota preso adindunak etxeratzea eskatu dute.

Ekainean bete zituen hamar urte Sare Herritarrak. Langile ordezkariek urteotan egindako ibilbidea zoriondu nahi izan dute eta "bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean" Sareren ondoan jarraituko dutela argitu nahi izan dute.

Langileek "elkarbizitzaren bidean" "zeregina" dutela baieztatu dute eta "lantokietan hasi eta euskal herrian barna konponbideari ekarpenak egiteko gizarteak duen nahia zabaldu eta etxeratze prozesuari ekarpenak egiteko konpromezua" adierazi dute.

Bide horretan, Sarek deituriko mobilizazio eta ekimenetan parte hartzeko deia egin dute. Hasteko, uztailaren 4an, Sarek eta Etxeratek deituta, Iruñean egingo den Etxera Kalejiran parte hartzeko deia luzatu dute.