17:05

Politika

Berregituraketak

Aldaketak Arabako eta Gipuzkoako foru gobernuetan, Barredok eta Ubarretxenak Jaurlaritzara alde egin ondoren

EITB Media

Noemi Aguirre izango da Arabako Nekazaritza diputatu berria, eta Amaia Barredo ordezkatuko du. Bestalde, Felix Urkola izango da Gipuzkoako Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu berria, Maria Ubarretxenaren lekukoa hartuz.

  • Felix Urkola izango da Gipuzkoako Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu berria.

    Felix Urkola izango da Gipuzkoako Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu berria.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nekazaritza ingeniari eta Dulantziko Udaleko zinegotzi Noemi Aguirre izango da Arabako Nekazaritza diputatu berria, eta Amaia Barredo ordezkatuko du, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen eta Arrantza sailburu izendatu berria. Bestalde, Felix Urkola (Tolosa, 1970) izango da Gipuzkoako Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu berria, Eider Mendoza diputatu nagusiak ostegunean gauzatuko duen izendapena.

Orain arte diputatu nagusiaren kabineteburu zenak -2019tik betetzen zuen ardura hori-, Maria Ubarretxenaren lekukoa hartuko du bere nomenklaturan eta funtzioetan berritzen den sailean, udalekiko eta eskualdeko erakundeekiko harremana hartuko baitu bere baitan aurrerantzean, eginkizun horiek indartzeko asmoarekin.

Arabako kasuan, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak bi dekretu sinatuko ditu ostiralean, bere kabinetearen egitura aldatzeko eta Nekazaritza diputatu berria izendatzeko.

Nekazaritzako atal espezifiko bat sortzea

Lehenengo aldaketa nekazaritzako alor espezifiko bat sortzea da, Eusko Jaurlaritzako Sail homologoarekin batera lan egingo duena, sektoreak herri-administrazioaren arreta berezia behar duen une honetan, Arabako Foru Aldundiak azaldu duenez.

Noemi Aguirrek (Dulantzi, 1976) hartuko du kargua, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ingeniari agronomoa eta zentro bereko Agroekologia eta Landa Garapeneko unibertsitate-aditua. Nekazaritza diputatu berria karguaz jabetzeko ekitaldia datorren astelehenean izango da, uztailaren 1ean, Foru Jauregian.

Foru Gobernuaren berregituraketak eragina izango du egungo Ekonomia Garapen eta Berrikuntza Departamentuan, Saray Zarate diputatuak zuzenduta, zeinak jasangarritasun eta trantsizio energetiko eskuduntzak bere gain hartuko ditu. Departamentuak Ekonomia Garapen eta Jasangarritasuna izena hartuko du.

Noemi Aguirre, lehen sektoreari lotutako profila

2021az geroztik, Aguirrek Lursare Ekosistemas enpresan dihardu lanean. Aholkularitza-enpresa horrek bere jaioterrian du egoitza, eta nekazaritza-ekologiko, lurzoruen birsorkuntza, nekazaritza eta abeltzaintzan espezializatuta dago.

Aurretik, Abere kooperatiban lan egin zuen, abeltzaintzako azpiproduktuak kudeatzeko teknikari gisa. Arabako abeltzainei aholkularitza teknikoa eta ingurumenekoa eman zien, besteak beste.

Arabako Erremolatxa Ekoizleen Elkartean (AIRA) eta Nafarroako San Frantzisko Xabier upeltegi kooperatiboan ere landa teknikari gisa lan egin du.

Dulantziko Udalean zinegotzia 2019tik, Aguirre izan zen EAJren alkategaia 2023ko udal hauteskundeetan. Zerrenda bozkatuena izan zen bozetan.

Bestalde, Urkolari arlo berria ez zaio arrotz suertatuko, Plangintzako eta Kudeaketako zuzendaria izan baitzen Bide Azpiegituretako departamentuan 2007-2011 legealdian. Era berean, Lazkaoko alkate izan zen 1999 eta 2007 artean, eta 2015 eta 2019 artean, eta udalerri bereko zinegotzi 2007 eta 2015 artean. Zuzenbidean lizentziatua da EHUn, eta graduondoko diplomatua Herri Administrazioetan (EHU eta IVAP).

Felix Urkolaren lekukoa Maria Belokik (Donostia, 1992) hartuko du diputatu nagusiaren kabineteko buruzagitzan. Komunikazioan graduatua Deustuko Unibertsitatean, 2019tik Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailaren kabinetearen ardura izan du, sozializazio eta komunikazio estrategiaren buru izanik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena