Politika
'MOZAL LEGEA'
Segurtasun Sailak jarritako isunen kontrako helegiteak aurkezten hasi da Ernai
EITB MEDIA
'Mozal Legea' baliatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 1.500 eta 2.500 euro arteko isunak ezarri zizkien 133 gazteri (guztira 290.500 euro), iaz Ernaik deitutako protesta batzuetan parte hartu ondoren.
-
Jóvenes de Ernai, hoy, en Vitoria-Gasteiz. Foto: Ernai
Ernai gazte antolakundeak iaz antolatutako protesta batzuetan parte hartu zuten 133 gazteri Eusko Jaurlaritzak ezarritako isunen kontrako helegiteak hasi dira gaur aurkezten Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian.
Zehazki, iazko irailean, Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko, Bilbon eta Gasteizen egindako ekimenetan parte hartu zuten Ernaiko 133 identifikatu zituen Segurtasun Sailak, eta 'Mozal Legea' baliatuta, 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak ezarri dizkie; orotara, 290.500 euro, isunetan. Horien aurkako lehen bost helegiteak aurkeztu dituzte gaur.
Gasteizko Justizia Jauregiaren atarian egin duten agerraldian, Maddi Bilbao Ernaiko abokatuak esan du "ikuspegi juridiko batetik oso eztabaidagarriak" direla Jaurlaritzak ipinitako isunak, "herritar orok dugun adierazpen askatasunarekin eta manifestaziorako eskubidearekin talka argi bat eman delako". Erantsi duenez, "etorkizunean gauzatuko den ahozko epaiketan frogatutzat joko da manifestaziorako eskubidearen baitan emandako protesta baketsuak baino ez zirela izan".
Hala, Bilbaoren arabera "zigorrak proportzioaren kontrakoak" dira. "Administrazioak ez ditu arrazoitu ezarri dituen neurrigabekotasunak, eta horregatik, galdetu beharko zaio zergatik kasu zehatz honetan halako isunak ezarri dituen. Ondorioztatu daiteke modu arbitrarioan jokatu duela Administrazioak", gehitu du.
Ildo beretik, Amaiur Egurrola Ernai mugimenduko eledunak esan du "eraso politiko honi modu kolektiboan erantzungo" diotela. "Egoera honen aurrean kikilduko ginela uste bazuten, oker dabiltza, eta datozen hilabeteetan izango gara auzitegietan epai honi aurre egin, modu kolektiboan erantzuteko eta honen aurka egiteko".
Helegiteak modu mailakatuan jartzen joango direla jakinarazi dute.