Itxi

Politika

Eusko Jaurlaritza

Sailburu berriak astearte honetan jabetuko dira karguaz

EITB Media

Gasteizko Ajuria Enea jauregian izango da ekitaldi ofiziala, eta Pradalesen Gobernuko sailak kudeatuko dituzten 15 gizonek eta emakumeek ohiko formula erabiliko omen dute, Gernikako Estatutuaren ale baten gainean esku bat jarrita.

  • Sailburu berrien argazkia. EITB MEDIA

    Sailburu berrien argazkia. EITB MEDIA

Imanol Pradales lehendakariaren Eusko Jaurlaritza berria osatuko duten sailburuak astearte honetan, ekainaren 25ean, jabetuko dira kargu berriaz, Gasteizko Ajuria Enea jauregian izango den ekitaldi ofizialean.

Gobernu Kontseiluaren lehenengo bilera astearte honetan izango da, Sailburu berriak euren karguaz jabetu ondoren

Pradalesen Gobernuko sailak kudeatuko dituzten 15 gizonek eta emakumeek ohiko formula erabiliko omen dute, Gernikako Estatutuaren ale baten gainean eskua jarrita.

Bigarren lehendakariorde

Bestalde, Portugaleteko alkate den Mikel Torres sozialistak bere azken osoko bilkuran parte hartuko du astelehen honetan. Bertan, alkatea karguari uko egingo dio Imanol Pradales buru duen Eusko Jaurlaritzako bigarrenlehendakariorde izateko.

Maria Jose Blancok ordezkatuko du Torres, eta jarduneko alkate izango da PSE-EEk alkate berria izendatu arte.

Ekitaldi solemnea

Imanol Pradales Gilek lehendakari kargua hartu zuen larunbat honetan Gernikako zuhaitzaren azpian zin egin ondoren, Gernikako batzar etxean izandako ekitaldian. Jarraian, Iñigo Urkulluren eskutik jaso zuen aginte-makila. Legebiltzarra osatzen duten 75 legebiltzarkideak, baita erakundeetako eta euskal gizarteko ordezkariak ere, eta Pradalesen familia bera ere izan ziren atzoko ekitaldian.

Ibone Bengoetxea Otaolea (Bilbo, 1967) lehen lehendakariordea izango da. Horrez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika saila zuzenduko du.

Mikel Torres Lorenzo (Portugalete, 1970) izango da bigarren lehendakariordea. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren ardura izango du.

Noël d´Anjou Olaizola (Irun, 1975) ere gobernu berriko kide izango da. Ogasun eta Finantza Saila gidatuko du irundarrak.

Maria Ubarrechena Cid (Urretxu, 1980) izango da Jaurlaritzaren bozeramailea. Gobernantza, Administrazio digital eta Autogobernu sailburua ere izango da.

Mikel Jauregi Letemendiak (Zarautz, 1974) Industria, Trantsizio energetikoa eta Jasangarritasuna zuzenduko ditu.

Bingen Zupiria Gorostidik (Hernani, 1961) gobernuan jarraituko du baina Kulturako buru izatetik Segurtasun sailburu izatera igaroko da.

Begoña Pedrosa Lobatok (Areatza, 1975) zuzenduko du Hezkuntza saila hemendik aurrera.

Denis Itxaso Gonzalezen (Donostia, 1975) ardurapean izango da Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburutza.

Alberto Martinez Ruiz (Trapagaran, 1964) izango da Osasun sailburu berria.

Nerea Melgosa Vegak (Gasteiz, 1970) Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren saila zuzenduko du.

Susana Garcia Chueca (Donostia, 1969) Mugikortasun Jasangarrirako sailburua izango da.

Juan Ignacio Iñako Perez Iglesiasen (Salamanca, 1960) esku egongo da Zientza, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila

Javier Hurtado Dominguez (Madrid, 1981) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua izango da berriz ere.

Amaia Barredo Martinek (Donostia, 1970) Elikadura, Landa Garapena eta Arrantza Saila zuzenduko du.

Maria Jesus San Jose Lopezek (Sestao, 1966) Justizia eta Giza Eskubideen Saila zuzenduko du.