Politika
Eusko Jaurlaritza
Mikel Torres, Portugaleteko alkatea, Pradalesen lehendakariordea izango da
EITB Media
PSE-EEk konfirmatu du gaur egungo Portugaleteko alkatea hurrengo Eusko Jaurlaritzan egongo dela. Alderdi sozialistak bost sailburu izango ditu guztira, eta Denis Itxaso eta Javier Hurtado horien artean daude, EITB Mediak jakin duenez.
PSE-EEk baieztatu duenez, Mikel Torres, Portugaleteko egungo alkatea, izango da Imanol Pradales lehendakariak osatuko duen Eusko Jaurlaritza berriko lehendakariordeetako bat. Sozialisten "gizon indartsua" izango da EAJrekin koalizioan osatuko dute Eusko Jaurlaritza berrian.
Torres Portugaleten jaio zen 1970ean. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Horrez gainera, finantzen arloko master bat eta Ekonomian bi doktorego ditu.
Enpresa eta Berrikuntza Zentroan (CEDEMI) aritu zen Enplegu, Prestakuntza eta Enpresa Proiektuen Garapeneko zuzendari gisa. Bestetik, Bilboko Sarriko auzoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko (EHU) irakaslea ere izan da.
Ibilbide politikoa, aldiz, 14 urterekin hasi zuen, gazte sozialistetan. PSE-EEko hainbat exekutibotan parte hartu izan du eta, 2014tik, Bizkaiko sozialisten idazkari nagusia da.
1995ean sartu zen Portugaleteko Udalbatzan, zinegotzi gisa. 2008an, herriko alkate hautatu zuten lehen aldiz. Hurrengo lau udal-hauteskundeetan (2011, 2015, 2019 eta 2023) kargua berretsi du.
Bost sailburu izango ditu PSE-EEk
Alderdi sozialistak bost sailburu izango ditu Eusko Jaurlaritzan, eta, EITB Mediak jakin ahal izan duenez, Denis Itxaso eta Javier Hurtado horien artean daude.
Merkataritza, Turismo eta Kontsumoko jarduneko sailburua da Hurtado, eta, beraz, zorro baten ardura izaten jarraituko du Jaurlaritza berrian. Espainiako Gobernuak Euskadin izandako ordezkari ohia ere Jaurlaritzako sail bateko buru izango da. Halaber, bi emakumek zuzenduko dituzte sozialisten esku egongo diren beste bi sailak.
Jeltzaleek, berriz, bederatzi eta hamar sailburu artean izango dituzte. Asteartean hartuko dute kargua sailburuek. PSE-EErekiko banaketa proportzionala jarraituz gero. Oraindik ez dira izenak ezagutzera eman, baina sailburu guztiek datorren asteartean hartuko dute kargua.