Politika
KATALUNIA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Fiskalen Batzordeak aldeko 19 boto, kontrako 17 boto eta abstentzio bat eman ditu. Amnistia Legea indarrean dela, Kataluniako prozesuan auzipetu dituztenei amnistia emateko eskatu diote idatziz Auzitegi Gorenari.
Estatuko Fiskaltza Nagusiaren egoitza. Argazkia: EFE
Kataluniako prozesuaren auzian diru publikoaren bidegabeko erabilera, desobedientzia eta desordena publikoa delituak amnistiatzea onetsi dute fiskalek astearte honetan, bi botoko aldearekin, Alvaro Garcia Ortiz fiskal nagusiak eskatu bezala. Amnistia Legea indarrean dela, delitu horiek leporatuta auzipetu dituztenei amnistia emateko eskatu diote fiskalek Auzitegi Gorenari. Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia auzipetuetako bat da.
Fiskaltzak jakitera eman duenez, bost ordu baino gehiagoko eztabaidaren ostean, Fiskalen Batzordeak aldeko 19 boto (fiskal nagusiaren botoa barne), kontrako 17 boto eta abstentzio bat eman ditu.
Hala, fiskalek Garcia Ortizen jarrera onetsi ondoren, Kataluniako prozesuaren auzia beren gain hartzeko eta Fiskaltzaren txostena Auzitegi Gorenean aurkezteko eskatu die fiskal nagusiak Angeles Sanchez Conde Auzitegi Goreneko fiskalburuordeari eta Joaquin Sanchez-Covisa Auzitegi Goreneko Fiskaltzaren Zigor Arloko Salako fiskalburuari.
Fiskal gehienak bat etorri dira fiskal nagusiarekin: Amnistia Legea indarrean sartu ondoren, "bidezkoa da prozedura desberdinen xede izan ziren eta diren jokabide guztiak amnistiatutzat jotzea, bai eta auzipeturen bati dagozkion kautelazko neurriak bertan behera uztea ere". Horren barruan sartzen da Puigdemont atxilotzeko Espainiako Gobernuak emandako agindua.
Ildo horretatik, Fiskaltzak asteazken honetan bidaliko die erantzuna Pablo Llarena Kataluniako prozesuaren instrukzio epaileari eta Auzitegi Goreneko Zigor Salari.
Astearte honetan ez dira amnistiatu daitezkeen beste auzi batzuei buruzko eztabaidak aztertu, hala nola 'Tsunami Demokratikoa' Kataluniako erakunde independentistak ikertzen ari den terrorismo delitua edo U-1erako diru publikoaren bidegabeko erabileraren ustezko prozesua. Gauza bera gertatu da Kataluniako Gobernuak egindako kanpo ekintzarekin, Kontuen Auzitegian epaiaren zain dagoena, kontseilari delegatuak aldeei Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari (EBJA) epaiketa aurreko gai bat aurkeztu behar duen ala ez galdetu ostean.
Fiskalen Batzordeak Garcia Ortizen eta orain arte Kataluniako prozesua ikertu duten fiskalen jarrera aztertu du. Izan ere, fiskal nagusia amnistia ezartzearen alde bazegoen idatziz adierazi behar zuela ohartarazi zuten lau horiek, erabaki hori eztabaidatzeko Fiskalen Batzordea deitzea ezinbestekoa zela argudiatuta.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa