Politika
Katalunia
Puigdemonten boto telematikoa kautelaz baliogabetzea baztertu du Auzitegi Konstituzionalak
Agentziak | EITB Media
Auzitegiak ez du onartu PPren eskaera, baina tramitera onartu du alderdiak aurkeztutako helegitea. 'Popularrek' Parlamentuko Adineko Mahaiaren erabakiaren kontra egin zuten, Puigdemont eta Lluis Puig erbestean dauden diputatuen botoak balekotzat jotzearren.
-
Rull, Kataluniako Parlamentuko presidente aukeratu berritan. EFE
Auzitegi Konstituzionalak baztertu egin du Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak eta Lluis Puig kontseilari izandakoak —biak ala biak diputatu aukeratu dituzte bozetan, baina erbestean dira, amnistiaren zain— Kataluniako Parlamentuan emandako boto telematikoa kautelaz baliogabetzea, PPk eskatu bezala.
Kataluniako Parlamentuko Adineko Mahaiak telematikoki bozkatzeko aukera eman zien Puigdemonti eta Pluigi, eta bi boto horiei esker aukeratu zituzten Kataluniako Presidentetza (Josep Rull Juntseko kidea) eta Mahaiko gainerako kideak.
Iturri juridikoen arabera, bi magistratu kontserbadorek bozkatu dute erabakiaren kontra (Enrique Arnaldo eta Concepción Espejel), baina popularren babes helegitea onartu du auzitegiko osoko bilkurak.
PPk bere helegitean argudiatu zuenez, bi botoak onartuta, Auzitegi Konstituzionalaren beraren irizpidea urratu zuen Adineko Mahaiak. Gogorarazi zutenez, duela bi aste Kataluniako Mahaiaren erabaki bat baliogabetu zuen Konstituzionalak, aurreko legealdian Lluis Puigen boto telematikoa onartzearen kontra. Kasu honetan PSC-Units taldeak jarri zuen helegitea.
Auzitegiak orduan argudiatu zuen Puigen boto telematikoa onartzeko "baldintza konstituzional balekorik" ez zegoela, Espainiatik kanpo egoteko arrazoia auzitegien ekinbidetik "ihes egitea" zelako.