Politika
XIII LEGISLATURA
EAJk eta PSE-EEk asteazken honetan izenpetuko dute koalizio gobernua osatzeko akordioa
EITB MEDIA
Ekitaldia 11:00etan izango da Eusko Legebiltzarrean, eta bertan izango da Imanol Pradales etorkizuneko lehendakaria ere. Astelehen honetan EAJren Batzar Nazionalak eta PSE-EEren militantziak Euskadi gobernatzeko akordioa onartu ostean sinatuko dute akordioa.
-
Jeltzaleen eta sozialisten arteko bilera gobernua osatzen saiatzeko. Artxiboko argazkia: EFE
Bi alderdietako buruek, EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek eta PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Anduezak, asteazken honetan goizeko 11:00etan izenpetuko dute koalizio gobernua osatzeko akordioa Eusko Legebiltzarrean. Ekitaldian Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak ere parte hartuko du.
Astelehen honetan EAJk eta PSE-EEk berretsi egin dute Eusko Jaurlaritza eratzeko bi alderdiek egin duten gobernu aurreakordioa.
Edonola ere, akordioa osorik ez da ostegunera arte ezagutuko. Imanol Pradales lehendakari izendatuko duten inbestidura saioarekin batera jakitera emango da testua; izan ere, bi bazkideek duten gehiengo osoari esker izendatuko dute Pradales lehendakari.
Astelehen honetan, EAJren Batzar Nagusira iritsi berritan Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak esan zuen PSE-EErekin negoziaziak "bide onetik" zihoazela, nahiz eta oraindik kontu batzuk argitzeko egon. Hala, nabarmendu zuen "lan eta lan" ari direla, akordioari "azken ukituak" ematen.
Oraindik argitzeke daude alderdi bakoitzaren esku geratuko diren sailak, baina bi alderdiek aurreratu zuten ekainaren 10ean sinatutako aurreakordioaren ildo nagusiak.
11 orrialdeko testua da eta 'Ongizate, aurrerapen, autogobernu eta Euskadi global baten eraldaketan aurrera egiteko Akordiorako Oinarriak' izenekoak, datorren Eusko Jaurlaritzaren printzipio eta helburu orokorrak jasotzen ditu.
Lehendakari izateko bi hautagai
Lehendakariaren inbestidura saioa ostegunean izango da, Eusko Legebiltzarrean. Bi hautagai aurkeztuko dira lehendakaritzarako: Imanol Pradales EAJren izenean, eta Pello Otxandiano EH Bildurenean.
Pradalesek bermatuta ditu lehendakari izendatzeko behar dituen botoak, EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua baitute (39 boto) baina Otxandianok ere aurkeztea erabaki du, Pradales hautatuko duela jakin arren, Euskadiren "eraldaketa nazionala" jomugan, estatutu politiko berri bat lortzeko bidean, eta gobernagarritasun "berritzaile eta feminista" osatze aldera keinu hori egin nahi duelako.