17:15

Politika

Auzitegi Nazionala

ANk Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasuna berretsi du

Erredakzioa

ETAko preso ohia gela arrunt batera eraman dute, eta Poliziaren zaintza kendu diote.

01:47
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Auzitegi Nazionaleko zigor arloko lehenengo sekzioak Josu Uribetxebarria gaixo dagoen ETAko presoari baldintzapeko askatasuna eman dio, Jose Luis Castro epailearen erabakia berretsiz, epaitegietatik jakitera eman dutenez.

Erabakiaren alde lau pertsona azaldu dira, eta bakarra kontra. Fiskatzak arratsalde honetan bertan Uribetxebarriak kartzelan jarraitzea eskatu du.

Era honetan, Fernando Grande-Marlaska magistratua buru den eta beste lau epailek osatzen duten epaitegiak Fiskaltzaren helegitea ez du onartu, azken horrek Uribetxebarria kartzelatik kanpo uzteko erabakia atzera botatzea eskatu zuen. Orain abuztuaren 1etik Donostia Ospitalean dagoen ETAko presoa bertatik irten daiteke.

Epaitegiak bi ordu eta erdiz eztabaidatu du, Auzitegi Nazionaleko medikuaren azken txostena (horren arabera, presoaren egoerak atzera buelta du)eta kartzelatik kanpo uztearen kontra dagoen Fiskaltzaren azken alegazioak jaso ostean.

Uribetxebarria Jose Antonio Ortega Lara Espetxeetako funtzionarioa bahitzeagatik auzipetu zuten, eta baldintzapeko askatasunean geratuko da "arrazoi humanitarioengatik", epaitegietatik azaldu dutenez.

Epaileen ezagutu eta gutxira, Uribetxebarria gela arrunt batera eraman dute, Donostia Ospitale barruan, Osakidetzatik baieztatu dutenez.

Horrenbestez, gaixo arrunten antzera dago orain ospitaleratuta, hots, poliziek zaindu gabe.

Lau boto alde, eta bakarra kontra

Presoa kartzelatik kanpo uzteko erabakia Donostiako Ospitaleari jakinarazi diote. Hori Fernando Grande-Marlaska Zigor arloko Salaren presidenteak, eta Javier Martinez Lazaro, Ramon Saez eta Alfonso Guevara magistratuek babestu dute; azken horrek auzitegian parte hartzen du Manuela Fernandez Prado ordezkatzen.

Nicolas Poveda epaitegiko bosgarren magistratuak boto partikularra eman du, bere kideekin bat ez etorrita, eta, gutxiengoa izan ostean, beste pertsona bati emango dio txostenaren ebazpena. Horren berri datozen egunetan emango dute.

Kartzelatik kanpo uzteko erabakia Fiskaltzaren irizpidearen aurka hartu dute, azken horrek baldintzapeko askatasuna ematearen aurkako jarrera baitu, Carmen Baena Auzitegi Nazionaleko medikuak egindako txostenaren arabera, presoak ez duelako "berehala hiltzeko arriskurik".

Bestalde, Josu Uribetxebarriaren defentsak bezeroa lehenbailehen aske uztea eskatu du, auzitegiko medikuaren eta Zaballakoaren (Araba) txostenek gaixotasun "sendaezina" duela diotelako arrazoituta.

Kartzelatik kanpo, abuztuan

Castro epaileak Uribetxebarria abuztuaren 30ean kartzelatik kanpo geratzea adostu zuen, txosten mediku guztien arabera, "kontraesan batzuk" egon arren, Uribetxebarriak "gaixotasun larria eta sendaezina"duelako; halaber, sei hilabete eta urtebete arteko bizi-itxaropena duela nabarmendu zuen.

Uribetxebarriak 313 urte eta 8 hilabeteko kartzela-zigorra du, hiru guardia zibil hiltzea eta Ortega Lara bahitzea leporatuta, beste delitu terrorista batzuez gain. Abuztuaren 17an 3. gradua eman zioten.

Castro epaileak Uribetxebarria aske uzteko honako baldintza hauek jarri zituen: Lehenengo eskaera "bere delituen biktimetatik eta senideetatik urrun egotea" da. Bigarrena, indarkeria goraipatzen den manifestazioetan "era aktiboan edo pasiboan parte hartzea" eta horren inguruko adierazpenak egitea debekatzea, baita terrorismoaren biktimen mespretxua eragin dezaketen adierazpenak egitea ere.

Halaber, hilero Donostiako kartzelatik kanpo dauden zerbitzu sozialetan aurkeztu eta bere tratamendu medikoaren berri eman beharko du.








Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena