Politika
Elkarrizketa Euskadi Irratian
O. A. | EiTB Media
Sumar mugimenduko idazkari nagusiaren arabera, Yolanda Diazek alderdiko gidaritza utzi badu ere ez dago auzitan bere lidergo politikoa. Azaldu duenez, irekitako barne hausnarketa horren helburua da Sumar barruko alderdi politiko guztiak "eroso" sentitzea.
Lander Martinez Euskadi Irratian
Lander Martinez Sumar mugimenduaren idazkari nagusiak Yolanda Diazen aldeko aldarria egin du, beste behin, nahiz eta koordinatzaile nagusi izateari utzi. Europako hauteskundeetan lortutako emaitza txarren ondotik, Espainiako Lan ministro ere badenak alderdiaren zuzendaritza utzi du, bosgarren alderdia izan baitzen (botoen % 4,7 lortuta) Orain Errepublikak koalizioaren atzetik.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan nabarmendu duenez, Yolanda Diaz Sumarren "aktiborik hoberena", bai hauteskunde mailan eta baita politikoki ere. Are gehiago, Martinezek uste du berak eman diela aukera Espainiako Gobernuan egoteko.
Aitzitik, ez du uste Sumarren barneko arazoak Yolanda Diazen hiperlidergoak eragindakoak bakarrik direnik. Martinezen esanetan, gauzak "konplexuagoak" dira, eta, esaterako, gogora ekarri du azken urtean Espainiako Gobernuaren ekintza urriagoa izan dela hauteskunde hitzorduak tarteko.
Sumarren irekitako barne hausnarketaren inguruan galdetuta, gogoetak bi dimentsio dituela azpimarratu du: batetik, egitura eta proiektu politikoari buruzkoa; bestetik, proiektua osatzen duten alderdi politikoekin egin beharrekoa. Gaineratu duenez, irekitako barne hausnarketa horren helburua da Sumar barruko alderdi politiko guztiak "eroso" sentitzea.
Lander Martinezek onartu du Sumarren egitura "asimetriko" hori kudeatzea dela zailtasunetako bat, besteak beste, badaudelako Estatu mailako egitura dutenak (Sumar, IU edota Equo) eta tokian tokikoak direnak (En Comu, Mas Madrid edo Compromis). Ildo horretan, onartu du espazioa "egonkortzea" izan behar dela helburua.
Bestalde, ostegunean egingo den inbestidurara begira, Martinezek iradoki du Sumarrek ez duela ez Imanol Pradales ez Pello Otxandiano babestuko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa