Itxi

Politika

XIII. LEGEGINTZALDIA

EAJk eta PSE-EEk gaur onartuko dute Eusko Jaurlaritzarako koalizioaren aurreakordioa

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gobernu-programa asteazkenean sinatuko dute Eusko Legebiltzarrean bi alderdietako arduradun nagusiek. Dena dela, ziurrenik ez dute horren edukiaren berri emango, eta hurrengo eguneko inbestidura saioan azalduko ditu Pradalesek horren nondik norakoak.

  • Jeltzaleen eta sozialisten arteko bilera, akordioa lortu nahian. Artxiboko argazkia: EFE

    Jeltzaleen eta sozialisten arteko bilera, akordioa lortu nahian. Artxiboko argazkia: EFE

EAJk eta PSE-EEk astelehen honetan onartuko dute Eusko Jaurlaritzarako bi alderdi horiek osatuko duten koalizioaren aurreakordioa, Imanol Pradales lehendakari izango duena.

EAJri dagokionez, Aberri Batzarrak berretsiko du akordioa. Jeltzaleen kongresu arteko organo gorena arratsaldean bilduko da Sabin Etxean (Bilbo), 19:00etatik aurrera egingo duten ezohiko bileran.

Bestalde, euskal sozialistek militanteen bozketaren bidez onartuko dute akordioa, eta astelehen honetan bertan PSE-EEk tokian-tokian dituen herriko etxeetan aurrez aurre bozkatzeko aukera izango dute.

Eneko Andueza PSE-EEren Eibarko egoitzan eman du botoa gaur goizean. Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan azaldu duenez, aurreko astean jeltzaleek eta sozialistek iragarritako aurreakordioarekin "oso identifikatuta" sentitzen da.

Buruzagi sozialistak aurreratu duenez, behin aurreakordioari argi berdea ematen diotenean amaituko dute gobernu-programa, gobernu egitura eta sailen banaketa. Nahiko orokorra den aurreakordio hori sinatu ondoren, bi alderdiek gobernu-programa negoziatzen jarraituko dute, askoz zabalagoa eta zehatzagoa izango baita. Ehun orrialde inguru izango ditu, militanteek onartuko duten aurreakordioaren hamaika orrien aldean; izan ere, bertan zehaztuko dira Jaurlaritzak izango dituen sailak eta horietako bakoitzaren sailburuak.

Nahiko orokorra den aurreakordio hori sinatu ondoren, bi alderdiek gobernu-programa negoziatzen jarraituko dute, askoz zabalagoa eta zehatzagoa izango baita. Ehun orrialde inguru izango ditu, militanteek onartuko duten aurreakordioaren hamaika orrien aldean; izan ere, bertan zehaztuko dira Jaurlaritzak izango dituen sailak eta horietako bakoitzaren sailburuak.

Gobernu-programa hori asteazkenean sinatuko dute Eusko Legebiltzarrean bi alderdietako arduradun nagusiek, Andoni Ortuzarrek eta Eneko Anduezak, Imanol Pradales lehendakarigaia bertan dela. Dena dela, ziurrenik ez dute horren edukiaren berri emango, eta hurrengo eguneko inbestidura saioan azalduko ditu Pradalesek horren nondik norakoak.

Jaurlaritzaren osaera berriari dagokionez, ez da ofizialki ezagutuko Pradalesek Gernikako Batzar Etxean ekainaren 22an lehendakari karguaren zina egin arte.

Ziurtzat ematen da kabinete horretan PSE-EEk gaur egun baino ordezkari bat gehiago izango duela gutxienez, apirilaren 21eko hauteskundeetan 2 ordezkari gehiago lortu ondoren (10 legebiltzarkide izatetik 12 izatera igaro da). EAJk, ordea, 4 eserleku galdu zituen (31 izatetik 27 izatera igaro da).

Baliteke, beraz, aurrerantzean jeltzaleek 9 sailburu izatea eta sozialistek 4. Bi sail berriak Arantxa Tapiak zuzentzen duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailetik banatuko lituzkete, horrek eskumen ugari hartzen dituelako bere barnean (industria, energia, teknologia, nekazaritza eta ingurumena). Gainera, baliteke egungo Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailean ere aldaketak egotea.

Alderdi bakoitzak orain arte kudeatu dituen arlo nagusiak mantendu nahi ditu: sozialistek, Etxebizitza, Garraioa, Lana, Turismoa eta Merkataritza, eta jeltzaleek, Hezkuntza, Osasuna, Segurtasuna, Ogasuna, Kultura, Garapen Ekonomikoa eta Justizia.

Sailburuei dagokienez, aldaketa handia espero da EAJko ordezkarien artean, Iñigo Urkullu lehendakariaren erreleboaren ondoren, baina oraindik ez dago batere argi nortzuk diren hautagaiak.