Politika
AUZITEGI NAZIONALA
Garcia Gazteluri eta Gallastegiri 110 urteko espetxe-zigorra ezarri diete, Manuel Zamarreñoren hilketagatik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
1998ko ekainaren 25ean hil zuen ETAk Errenteriako zinegotzi popularra, moto-bonba bat leherrarazita. Haren alargunari eta seme-alabei milioi erdiko kalte-ordaina ordaintzera ere zigortu dituzte bi auzipetuak.
-
Auzitegi Nazionala, artxiboko irudi batean.
Xabier Garcia Gaztelu eta Irantzu Gallastegi ETAko kide ohiei 110 urteko espetxe-zigorra ezarri die Auzitegi Nazionalak, Manuel Zamarreño Errenteriako PPko zinegotzia hiltzea leporatuta. 1998ko ekainaren 25ean hil zuten ordezkari popularra, moto-bonba bat leherrarazita. Atentatuan, Zamarreñoren bizkartzaina eta inguruan zegoen beste emakume bat ere zauritu zituzten.
Ebazpenaren arabera, halaber, Zamarreñoren alargunari eta seme-alabei milioi erdiko kalte-ordaina eman beharko diete bi auzipetuek, eta 600.000 eurokoa, zauritutako bizkartzainari.
Hainbat delitu leporatu dizkiete Garcia Gazteluri eta Gallastegiri; hilketa terrorista, hilketa terroristaren saiakera eta armak eta lehergaiak izatea eta garraiatzea helburu terroristarekin, besteak beste.