16:31

Politika

Frantziako hauteskundeak

EH Baik ezkerreko Fronte Popularrarekin bat egin du eta hautagaiak izango ditu

A.A.E. | EITB Media

Alderdi abertzaleko kideak, alderdi sozialistako kideak eta gizarte zibilekoak aurkeztuko dira hautagaitza horretan Ipar Euskal Herriko barrutietan.

0:28
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EH Bai alderdiak Frantzian eratu berri den ezkerreko Fronte Popularraren parte izatea erabaki du. Ekainaren 30ean egingo diren Asanblea Nazionalerako hauteskundeetan EH Baiko kideak hautagaitza honen barruan aurkeztuko dira Ipar Euskal Herriko barrutietan.

Horrela, ezkerreko "Ipar Euskal Herriko lehen indar gisa, bere ardurak osoki asumitzen" dituela jakinarazi du EH Baik agiri batean. Ostegunean egindako ezohiko batzar batean, alderdiko militanteen % 95,3k egin dute proiektu politiko berri honetan sartzearen alde.  

Hauteskunde hauetan, hiru barrutitan banatzen da Ipar Euskal Herria. Fronte Popularrak honako hautagaiak izango ditu bakoitzean: laugarren barrutian, Iñaki Echaniz sozialista eta Cécile Senderain gizarte zibilekoa; bosgarren barrutian, Colette Capdevielle sozialista eta EH Baiko Alain Iriart, Hiriburuko auzapeza; eta seigarren barrutian, EH Baiko Peio Dufau, Ziburuko hautetsia, eta Marie Heguy Urain gizarte zibilekoa.

Lehenengoz egin du bat EH Baik Frantziako ezkerreko indarrekin eta lehengoz adostu dute hautagaitza bateratua.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Asanblea nazionala desegin eta hauteskundeak deitu zituen Europako hauteskundeetan porrot egin ostean. Frantzian, Marine Le Penen Bilgune Nazionalak irabazi zituen hauteskundeak, baita Ipar Euskal Herrian ere.

Egoeraren irakurketa eginda, ezkerreko indar eta mugimenduek bat egitea eta hautagaitza bakarra aurkeztea erabaki dute, "Macronen politika ultraliberalaren eta eskuin muturraren igoerari" aurre egiteko modurik egokiena delakoan. Ipar Euskal Herrian, EH Baik, Alderdi Sozialistak, Frantzia Intsumisoak, Ekologistek eta Alderdi Komunistak egin dute bat ekimen honekin.

Hauteskundeak ekainaren 30ean eta uztailaren 7an egingo dira.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena