Itxi

Politika

Barne-krisia

Frantziako LR alderdiak Ciotti kargutik kendu du, Le Penen ultraeskuinarekin ituna egiten saiatzeagatik

Agentziak| EITB Media

Erabakia "aho batez" onartu dute LR alderdiko zuzendaritzako kideek. Hala ere, Eric Ciottik ukatu egin du batzar horrek legezko ondoriorik duenik: "Gure alderdiko presidentea izaten jarraitzen dut".

  • Eric Ciotti LR alderdi kontserbadoreko presidentea. Irudia: AFP

    Eric Ciotti LR alderdi kontserbadoreko presidentea. Irudia: AFP

LR alderdi kontserbadoreko zuzendaritzak Eric Ciotti presidentea kargutik kentzea erabaki du gaur, ekainaren 30eko eta uztailaren 7ko hauteskundeetan Marine Le Penen ultraeskuinarekin aliantza bat osatzea defendatzeagatik.

Erabakia "aho batez" onartu dute Charles de Gaulle, Jacques Chirac eta Nicolas Sakozy presidente ohien oinordeko den LR alderdiko zuzendaritzako kideek.

Ciottik, ordea, ukatu egin du bilera horrek legezko ondoriorik izango duenik: "Gure alderdiko presidentea izaten jarraitzen dut".

Ciottik asteartean iragarri zuen "aliantza" bat egingo zuela RN eskuin muturreko alderdiarekin, hauteskundeei begira. Erabaki horrek 'de facto' ultraeskuindarrekiko harremanak beti baldintzatu dituen babes-hesia haustea ekarriko luke.

Alderdi barruan tentsioak gora egin du, eta zuzendaritzako hainbat kidek ezohiko batzarra deitu zuten gaurko. Bertatik, teorikoki, zuzendaritza berri bat atera da. Horrela, Annie Genevard orain arteko idazkari nagusia eta François-Xavier Bellamy Europako hauteskundeetarako zerrendaburua behin behineko buruzagiak izango dira.

"Negoziazio sekretuak egitean, gure familia politikoari eta militanteei galdetu gabe, Eric Ciottik erabat urratu ditu estatutuak eta LRk defendatutako ildoa", adierazi du Genevardek batzarraren atarian. Bilera ez da alderdiaren egoitzan egin, eta teorikoki segurtasun arrazoiengatik itxita dagoelako, Ciottiren bertsioaren arabera.

Ciottiren erantzuna berehala etorri da, eta, bilera egin baino lehen esan zuen bezala, honek ez zuela legezko baliorik izango, argudio bera errepikatu du bukatutakoan. Hala, alderdiaren estatutuak "nabarmen urratu" dituztela uste du, eta "ondorio penalak" izan ditzakeela gaineratu du.

Gainera, errepublikarren ikurrak dituen ohar bat erantsi du, alderdiko presidentearen aurretiazko bermerik gabe horrelako pausorik ezin dela eman arrazoitzeko. "Guk herritar eskuindarren ahotsa gara, denbora luzeegian konfiskatua", dio agiriak.