18:09

Politika

Martxoko protestak

Chivitek bitartekaritza onartu du, Erriberriko irain matxistengatik ikertutako hiru nekazariek eskatuta

Agentziak | EITB Media

Nafarroako presidenteak eskaera onartu du, eta orain auzia bitartekariei bideratuko zaie, justizia errestauratiboaren esparruan akordio bat lortzen saiatzeko jarraitu beharreko prozedura zehazteko.

  • Nekazarien protestak Erriberrin (Nafarroa), iragan martxoan. Argazkia: EFE

    Nekazarien protestak Erriberrin (Nafarroa), iragan martxoan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Maria Chivite Nafarroako presidenteak onartu egin du bitartekaritza penalera jotzea, joan den martxoan Erriberrin nekazari eta abeltzainen kolektiboaren protestetan haren aurkako irainak egiteagatik ikertutako hiru pertsonek eskatuta.

Guillermo Chaverri abokatuak baieztatu duenez (ikertutako hainbat nekazari ordezkatzen ditu), Chivitek eskaera onartu ostean, orain auzia bitartekariengana bideratuko dute, eta horiek zehaztuko dute justizia errestauratiboaren esparruan akordio bat lortzeko jarraitu beharreko prozedura.

Justiziaren ordezko prozesu bat da, bi aldeek onartu beharrekoa, eta normalean jarrerak hurbiltzeko saiakera bat da. Kasu honetan, litekeena da gertatutakoa aitortzea, eta alde batek barkamena eskatzea, besteak onar dezan.

Chivite Euroeskualdeko batzar batera joaten ari zela jazo ziren irainak, Erriberrin. Bertan nekazari eta abeltzain talde bat bildu zen, aste horietan baldintzak hobetzeko egiten ari ziren protestetan.

Une jakin batean, haietako batzuek presidentearen aurkako irain matxistak egin zituzten. Nafarroako presidenteak iragarri zuen ez zituela irain horiek onartuko, eta aurreratu zuen egileak aurkituko zituztela.

Hala, handik gutxira, hiru pertsona horiek Foruzaingoaren komisarian identifikatzeko deitu zituzten, eta han jakinarazi zieten Tafallako epaitegira deituko zituztela gertakariei buruz deklaratzeko, baina hiru ikertuek zigor-arloko bitartekaritza proposatu zuten.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena