11:40

Politika

GOBERNU AKORDIOA

EAJk eta PSE-EEk aurreakordio programatikoa lortu dute Eusko Jaurlaritza osatzeko

EITB MEDIA

Aurreakordioaren ardatz nagusiak Estatutu berri baterako ituna lantzea, osasun publikoa bermatzea, zaintza-eredu berri bat ezartzea edota etxebizitza erosi ahal izateko ekimenak bultzatzea izango dira.

  • Jeltzaleen eta sozialisten arteko bilera, koalizio-gobernua osatzeko. Artxiboko argazkia: EFE

    Jeltzaleen eta sozialisten arteko bilera, koalizio-gobernua osatzeko. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EAJren eta PSE-EEren ordezkaritza negoziatzaileek aurreakordio programatiko bat lortu dute Eusko Jaurlaritza eratzeko, "ongizatean, aurrerabidean, autogobernuan eta Euskadi global baten eraldaketan aurrera egiteko Akordiorako Oinarrien" gainean, PSEtik komunikabideetara igorritako ohar batean diotenez.

Aurreakordio programatikoaren edukiak gaur jakinarazi zaizkie bi alderdietako exekutibei, EAJren Batzar Nazionalak koalizio gobernua berretsi eta PSE-EEk militantziari kontsulta bidez onartu aurretik.

"Ongizatean hazteko, Euskadiren eraldaketa lortzeko, aldaketa global handiei erantzuteko, protagonismoa eta nazioartean presentzia irabazteko" helburuan oinarritu dute akordioa bi alderdiek. Halaber, adostasun bat lortzeko asmoa azaltzen dute, "autogobernuan aurrera egitea ahalbidetuko duen estatutu itun berri batean".

Akordioaren ardatzak

Oraindik argitzeke daude alderdi bakoitzaren esku geratuko diren sailak, baina hauek dira aurreakordioaren ildo nagusiak:

Aurreakordioak Gernikako Estatutua osorik betetzea eta autogobernuan sakontzea ahalbidetuko duen estatutu-itun berri baterako oinarriak adostea aurreikusten du. Ohar batean EAJk eta PSE-EEk azpimarratu dutenez,"autogobernu gehiago ongizate gehiago ds euskal gizartearentzat".

Akordioaren beste ardatzetako bat abangoardiako zerbitzu publikoak eskaintzea izango da. Jeltzaleek eta sozialistek lehentasun gisa ezarri dute kalitate goreneko osasun publikoa bermatzea, Europan erreferentzia izan dadin; zaintza-eredu berri bat ezartzea eta etxebizitza erosi ahal izateko ekimenak bultzatzea, bereziki gazteei zuzendutakoak.

Era berean, EAJk eta PSEk Euskadi berrindustrializatzea bilatuko dute ekonomia berria aprobetxatuz; lehen sektorea babestu eta talentua erakartzeko eta atxikitzeko formazioa bilatuko dute.

Eraldaketa energetikoari dagokionez, akordioak karbonoaren neutraltasunerantz modu irmoan aurrera egitea aipatzen du, baita Euskadiren autonomia energetikoa handitzea ere. Azkenik, memoria, bizikidetza eta giza eskubideen kapituluan, iraganaren memoria kritikoa bultzatzen jarraitu nahi dute, eta genero-berdintasuna lehentasunezko helburu gisa ezartzen dute. 

Estatutu berria

Jeltzaleek eta sozialistek Estatutu berri bat onartzeko konpromisoa hartu dute, Eusko Legebiltzarrean eta Gorte Nagusietan ahalik eta adostasun zabalenarekin, gero herritarrek berrets dezaten, betiere "eskumenen eta indarrean dagoen legediaren barruan". Estatutu itun berria egiteko oinarriek barne hartuko dute iazko azaroan EAJk eta PSOEk autogobernuaren arloan adostutako inbestidura akordioa.

Aurreakordioaren bosgarren puntuan, 'Autogobernuan haztea' izenekoan, jeltzaleek eta sozialistek bat egiten dute "autogobernu gehiago eta ongizate hobea esan nahi duela euskal gizarte osoarentzat".

Horregatik, legealdi berri honi bi helbururekin ekingo diote: batetik, Gernikako Estatutua osorik betetzea, eta, bestetik, Eusko Legebiltzarrean negoziazioaren, akordioaren eta ahalik eta adostasun politiko zabalenaren bidez estatutu-itun berri bat egiteko oinarriak lortzea, "bere eskumenen eta indarrean dagoen legediaren barruan".

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak 2023ko azaroaren 10ean autogobernuari buruz EAJk eta PSOEk sinatutako ituna jaso dute bi alderdiek oinarri horietan.

EAJk eta PSE-EEk hainbat helburu partekatu dituzte gai honetan, hala nola "Euskadiri aitortutako autogobernua transferitzea", eta "Euskadin zein Estatuarekin, etorkizuneko autogobernua negoziatzea eta onartzea".

Helburu horiek lortzeko, "herriaren lehentasun" gisa ezartzen dituzte autogobernua, estatutu-itun berri bat eta "Euskadi globala". Lehenengoa "lortutako autogobernuaren defentsari eta transferitzeke dauden eskumenei" buruzkoa da.

Estatutu-itun berriari dagokionez, akordio "ahalik eta zabalena" lortzeko konpromisoa adierazi dute, "bai euskal erakundeen barruan, bai Gorte Nagusietan, ondoren EAEko herritarrek berrets dezaten".

Lehendakari berriaren inbestidura saioa ekainaren 20an, ostegunean, egingo da. Itun honi esker Pradales lehendakari gehiengo osoarekin izendatuko dute lehen bozketan. Karguaren zina ekainaren 22an egingo da, larunbata, Gernikako Juntetxean (Bizkaia).

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena