Politika
EUROPAKO HAUTESKUNDEAK
EITB MEDIA
EAEn bigarren indarra PSOE izan da, eta EAJ hirugarren tokian geratu da. Foru Erkidegoan, berriz, PPrentzat izan da bigarren lekua, eta EH Bildurentzat hirugarrena. Ipar Euskal Herrian eskuin muturra izan da garaile.
Bideoak (1)
EH Bilduk irabazi ditu Europako Parlamenturako hauteskundeak Euskal Autonomia Erkidegoan. EH Bilduk, ERCk, BNGk eta Ara Mesek osatzen duten Orain Errepublikak koalizioak botoen % 26,4 bereganatu ditu (227.911 boto), 2019koetan baino % 4,23 gehiago. Atzetik geratu da, puntu erdira, PSOE, botoen % 25,9rekin, duela bost urte baino ia 7 puntu gehiago. CEUS koalizioan aurkeztu den EAJ, berriz, hirugarren lekuan geratu da, botoen % 22,4rekin, 11,5 puntu galduta.
Hori dela eta, Pernando Barrenak (EH Bildu), Idoia Mendiak (PSOE) eta Oihane Agirregoitiak (EAJ) eserlekua eskuratu dute Euroganberan. Barrenak errepikatu egingo du, eta beste biak lehen aldiz hartuko dute europarlamentari kargua.
Bestalde, PPrentzat izan da laugarren postua, botoen % 11,49 (5 puntu gehiago) jasota, eta ondoren geratu dira Sumar eta Podemos, botoen % 3,27 eta % 3,19 lortuta, hurrenez hurren: 2019ko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, 7,8 puntu galdu dituzte. Eskuin muturreko Voxek, berriz, botoen % 2,68 lortu ditu, eta Se Acabo La Fiesta (SALF) ultraeskuindarrak % 1,72.
PSOE, lehen indarra Nafarroan
Nafarroan, PSOE izan da indarrik bozkatuena: 74.765 boto eskuratu dituzte sozialistek (% 28,79). Oso gertu, bigarren geratu da PP, 72.788 botorekin (% 28,03).
Hirugarren postua, berriz, EH Bildurentzat izan da, 48.762 boto eskuratuta (% 18,75), eta laugarrena Voxentzat, 17.238 botorekin (% 6,63).
Sumar (% 3,85), Podemos (% 3,22) eta Geroa Bai (% 3,16) izan dira ondorengo indarrak, hurrenkera horretan.
Ondorioz, hiru nafar izango dira Europako Parlamentuan hurrengo legegintzaldian: Elena Sancho (PSOE), Antonio Lopez Isturiz (PP) eta Pernando Barrena (EH Bildu).
Ipar Euskal Herrian, eskuin muturra garaile
Eskuin muturra gailendu da Ipar Euskal Herrian. Marine Le Penen Bilgune Nazionalak irabazi ditu hauteskundeak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta baita hiru lurraldeok batzen dituen Pirinio Atlantikoak departamenduan ere.
Botoen % 100 zenbatuta, Lapurdin lehen indarra Bilgune Nazionala izan da, botoen % 23,25 bereganatuta, eta Emmanuel Macronen Errenazimentua izan da bigarren (% 17,31). Lurralde horretako herri eta hiri nagusietan irabazi du eskuin muturrak, tartean, Baionan, Donibane Lohizunen, Kanbon, Senperen eta Urruñan.
Nafarroa Beherean ere, Le Penen alderdiak irabazi ditu hauteskundeak, botoen % 21 bereganatuta. Atzetik, Landa Aliantza alderdia geratu da (% 17), eta hirugarren lekuan Errenazimentua (% 14,19).
Zuberoan ere, eskuin muturra nagusitu da. Bilgune Nazionala izan da lehen indarra, botoen % 19 bereganatuta, eta Landa Aliantza geratu da bigarren, botoen % 18 jasota.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa