07:36

Politika

Europako hauteskundeak

Euskal Herri luze-zabaleko hauteslekuak, Europako hauteskundeetarako prest

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Ultraeskuinaren balizko gorakadaren mamuak astindu du kanpaina, eta, besteak beste, migrazioa eta lehen sektorearen egoera izan dira hizpide nagusiak. Beste hauteskunde hitzorduetan ez bezala, emaitzak "berandu" argitaratuko dira, 23:00ak baino beranduago, 27ek euren kontaketak behin bukatuta.

  • Hainbat boto-paper, Iruñeko hautesleku batean.

    Hainbat boto-paper, Iruñeko hautesleku batean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Botoa ematera deituta daude gaur Euskal Herriko boto-emaileak, Europar Batasuneko (EB) gainerako herrialdeetakoenekin batera, Europako Parlamentua osatuko duten 720 parlamentariak aukeratzeko. 

Hego Euskal Herriko hautesleek ohiko ordutegia izango dute botoa emateko: 09:00etatik 20:00etara. Ipar Euskal Herriko boto-emaileek, aldiz, 08:00etatik 18:00etara izango dituzte irekita hauteslekuak. Hauteskunde eguna bustia eta freskoa izango da, sasoi honetarako.  

Beste hauteskunde hitzorduetan ez bezala, lehen emaitza ofizialak ez dira 23:00ak baino lehen argitaratuko; izan ere, estatu kide guztiek botoak zenbatzen amaitu arte itxaron behar dute, Europar Batasuneko araudiak hala aginduta. Espainiako eta Frantziako gobernuek antolatu dituzte bozak, eta horiei dagokie parte-hartzearen datuen berri ematea. Espainiakoaren kasuan, bi aldiz jakinaraziko ditu egunean zehar: 14:30ean, lehenengoz, eta 18:30ean, bigarrenez. 

Boto-mobilizazioa izan ohi da, hain zuzen ere, hauteskunde hauetako koskarik handienetakoa. Parte-hartzea % 40 ingurukoa izan ohi da Espainiako Estatuan —EITB FOCUSek % 48,6ko parte-hartzea aurreikusi du— egun berean beste hauteskunderik ez dagoenetan, eta Frantziakoan % 50etik gorakoa izatea aurreikusten dute inkestek.

2019ko maiatzean, udal- eta foru-hauteskundeekin batera egin ziren azken hauteskundeetan, herritarren % 60k baino gehiagok bozkatu zuten Hego Euskal Herrian; 2014an eta 2009an, ostera, ozta-ozta gainditu zuen parte-hartzeak % 40ko langa. EITBren makroinkestaren arabera, hitzordurako 15 egunen faltan, herritarren erdiek ez zekiten noiz ziren egitekoak hauteskundeak. 

Euskadin eta Nafarroan Espainiako Gobernuak dituen ordezkaritzek segurtasun dispositibo zabala diseinatu dute hauteskunde egunerako: EAEn, 1.520 agentek osatuko dute, eta Nafarroan, 1.621ek. 

23 hautagaitza eta EAJ eta EH Bildu beste alderdi batzuekin koalizioan 

Europako hauteskundeetan Estatua da hauteskunde-barrutia, eta, beraz, EAJk eta EH Bilduk, besteak beste, beste erkidego batzuetako alderdiekin koalizioan aurkeztu beharra dute Europako Parlamentuan eserlekuak lortu ahal izateko. 

Hala, jeltzaleak Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioaren barruan aurkeztu dira, Oihane Agirregoitia eta Amaia Arrizabalaga dituela EAEko eta Nafarroako zerrendaburuak. Pernando Barrena hautagai duen EH Bildu koalizioa, berriz, Orain Errepublikak koalizioan aurkeztu da, ERC, BNG eta Ara Més-ekin batera. 

Guztira, 23 hautagaitza aurkeztu dira Espainiako Estatuan, alderdi nagusienak (PSE-EE, PP, Sumar, Podemos eta Vox) eta aipatutako EAJrena eta EH Bildurena tartean.

Espainiako Estatuko boto-emaileek 61 ordezkari aukeratuko dituzte orotara, aurreko legegintzaldian baino bi gehiago. Behin hauteskundeak igarota, eurodiputatuak estatuz gaindiko talde politiko handietan antolatzen dira, euren antzekotasun eta ideologien arabera. Aurreko legegintzaldian, zazpi bloke handi osatu ziren: Europako Alderdi Popularra (Euskadiko eta Nafarroako PP bertan ordezkatuta daude), Sozialista eta Demokraten Aliantza Aurrerakoia (PSE-EE eta PSN), Europa Berritu (EAJ/PNV), Europako Aliantza Askea eta Ezker Europarra (EH Bildu, Sumar eta Podemos).

Frantziako Estatuan, berriz, 50 milioi boto-emailek parte hartzea espero dute, eta 38 alderdiren artean hautatu beharko dute, Alemaniaren (96) atzetik Parlamentuan eserleku gehien (81) dituen Estatuan. Marine Le Penen eskuin muturreko hautagaia da faborito. EAJ Ecologie Positive et Territoires koalizioaren barruan aurkeztu da, eta EH Bilduk ez du hautagaitzarik.

Hauteskunde-kanpainaren ardatzak 

E9rako hauteskunde kanpainak osagai oso zehatzak izan ditu, hala nola eskuin muturraren balizko gorakada eta, Espainian, ikertu gisa deklaratzera deitu duten Begoña Gomezen aurkako auzia. 

Migrazioa eta lehen sektorearen egoera ere izan dituzte hizpide alderdiek, baita tokiko gai zehatzagoak ere; Europako Parlamentuan euskarak izan beharreko presentzia, esaterako.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena