Politika
Diada
Idoia Mendia: 'Katalunian haustura soziala izateko arriskua dago'
Erredakzioa
Katalunian independentismoaren aldeko jarrera nagusitzen ari dela onartu du Mendiak, eta “desegokitzat” jo du Artur Masek berak jarrera hori babestea.
-
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EITB.
Kataluniak Diada ospatuko du gaur, eta, horren harian, Jaurlaritzak Artur Mas Generalitateko presidentearen jarrera kritikatu du gaur. Katalunian independentismoaren aldeko jarrera nagusitzen ari dela onartu du Mendiak, baina “desegokitzat” jo du Artur Masek berak jarrera hori babestea.
Mendiaren iritziz, independentismoa “alderdikeriaz” erabiltzen ari dira Katalunian. “Ez da eztabaida horietan murgiltzeko garaia”, gaineratu du.
Independentismoaren ingurukoak “tentu handiagoz” hartzeko eskatu dio Mendiak Artur Mas presidenteari. “Desadostasunak erakundeek aurretik ezarritako bideetatik konpondu behar dira”, adierazi du.
Kataluniako egoera Euskadin ere gerta litekeen galdetuta, urriaren 21eko hauteskundeetatik aterako diren emaitzei “errespetua” agertu die Mendiak, baina “gizarteak dituen arazo errealen inguruan” eztabaidatzearen alde egin du.
Rajoyri elkarrizketa
Bestalde, Mariano Rajoyk iragarritako Erkiegoen presidenteetako bilerara joan aurretik bilera horretako gai-ordena eta lehendakariaren “borondatea” ikusi nahi dutela azaldu du Idoia Mendiak.
Atzo Rajoyk eskainitako elkarrizketaren ondoren, inor ez zela “lasai” geratu kritikatu du Mendiak.
“Ez zuen zalantzarik argitu eta Espainiak erreskatea behar duen eta erreskatea eskatuko zuen ez zuen azaldu”, gaineratu du.