Politika
Ikerketa
Agentziak | EiTB Media
Manos Limpias sasi-sindikatu ultraeskuindarraren salaketa batetik abiatuta, influentzia trafikoagatik eta ustelkeriagatik ikertzen ari dira Pedro Sanchezen emaztea. Carlos Peinado epaileak 10:00etarako deitu du uztailaren 5ean.
Begoña Gomez eta Pedro Sanchez, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Madrilgo 41. Instrukzio Auzitegiko epaileak Begoña Gomez —Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen emaztea— ikertu gisa deklaratzera deitu du datorren uztailaren 5ean (10:00). Manos Limpias sasi-sindikatu ultraeskuindarraren salaketa batetik abiatuta, Juan Carlos Peinado epaileak erabaki zuen ustezko influentzia trafikoagatik eta ustelkeriagatik auzia irekitzea, eta horren baitan deklaratu beharko du.
Zehazki, Juan Carlos Barrabes irakasleari esleitutako kontratu publikoak ikertzen ari da epailea, Begoña Gomezek zuzentzen zuen Complutentse Unibertsitateko katedrako irakaslea ere bazena.
Barrabes bera lekuko gisa deitu dute ekainaren 7an. Hala ere, osasun arazoak argudiatu dituenez, oraindik ez dago argi hitzordua mantenduko den ala ez.
Gainera, magistratuak aparteko pieza bat irekitzea erabaki du, ikertzen ari diren kontratuen artean Europako funtsekin sinatutakoren bat ote dagoen ala ez argitzeko. Horrela balitz, Europako Fiskaltzaren eskumena litzateke.
Manos Limpias sasi-sindikatu ultraeskuindarraren salaketa batetik abiatuta, influentzia trafikoagatik eta ustelkeriagatik ikertzen ari dira Pedro Sanchezen emaztea.
Madrilgo Fiskaltzak auzia artxibatzeko eskatu bazuen ere, Madrilgo Lurralde Auzitegiak babestu egin zuen influentzia trafikoagatik eta ustelkeriagatik Begoña Gomezen kontrako auzia zabaltzea.
Bestalde, Guardia Zibilaren txostenaren arabera, ez dago delitu zantzurik Espainiako presidentearen emaztearen jardunean.
Espainiako Gobernuak "harridura" agertu du
Bestalde, Pilar Alegria Espainiako Gobernuko bozeramaile eta Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol ministroak "harridura" agertu du epaileak hauteskunde-kanpainan hartutako erabakiarekin, eta, bere ustez, ez dela jokabide irregularrik izan nabarmendu du. "Juridikoki ez dago ezer", azpimarratu du.
Erantzukizun politikoa eskatu dio Feijook Sanchezi
Testuinguru horretan, "berehala" erantzukizun politikoa bere gain hartzeko eskatu dio Alberto Núñez Feijoo PPko buruak Sanchezi. Gertatzen ari denaren "aurrekaririk" ez dagoela ziurtatu ostean, adierazpen judizial horretan "erantzun egokiak" eman beharko dituela esan du; "baina Espainiako Gobernuko presidenteak azalpenak eman beharko dizkie espainiarrei".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa