Politika
Diputatuen Kongresua
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Ez da ezusterik izan, eta inbestidura blokeak gehiengo osoz (177 boto) babestu du araua. Eztabaida labur bezain garratza izan da, eta irainak ere entzun dira; Kongresuko presidenteak hainbat aldiz ohartarazi ditu Voxeko diputatuak. Aldizkari Ofizialak ez du berehalakoan argitaratuko.
Diputatuen Kongresuko gehiengo osoaren babesarekin, behin betiko onartu dute gaur Amnistia Legea. Gutxienez 176 boto behar ziren Senatuaren betoa altxatzeko, eta ez da ezusterik izan. PSOE, Sumar, Junts, ERC, EH Bildu, EAJ, Podemos eta BNG taldeek (azken biak, Talde Mistoan) euren botoak (177) batu dituzte, eta azken oniritzia eman diote araudiari. Testuak Kataluniako prozesu independentistarekin lotutako pertsonen erantzukizun penal, administratibo eta kontablea ezabatuko du. Aurrekoan bezala, eskuinak (PP, Vox, UPN eta CC, 172 boto) kontra egin du.
Aurretik zabaldu denaren kontrara, legea ez da berehalakoan argitaratuko Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta, beraz, ez da datozen egunetan indarrean sartuko. Kontua da, behin onartuta, Gorteetako Aldizkari Ofizialean kaleratu behar dela eta Espainiako erregeak ere berretsi behar duela (igandera arte, atzerrian izango da). Hori horrela, gehienez 15 eguneko epean argitaratuko dute Aldizkarian, eta baliteke Europako hauteskunde kanpainaren azken txanpan edo ekainaren 9aren ostean izatea. Hori bai, behin argitara emanda, egun horretan sartuko da indarrean.
Bozketan banan-banan eta ozen eman behar izan dute botoa diputatuek, PPk hala eskatuta. Eztabaida labur —zazpi minutuko hitzarteak izan dituzte taldeek— eta tirabiratsua izan da gaurkoa. Giroa bereziki gaiztotu da Artemi Rallo PSOEko kideak hitza hartu duenean. Aurretik, ika-mika izan dute Sumarren eta Voxen diputatuek, eta oihuak eta irainak entzun dira. Francina Armengol Kongresuko presidenteak hainbat aldiz ohartarazi ditu diputatuak, eta emandako "espektakulua" deitoratu du. Gerora, Espainiako Gobernuko kideek bozkatu dutenean "dimisioa" eta "traidoreak" hitzak entzun dira.
Nogueras (Junts). EFE
Kataluniako alderdi independentistentzat "garaipena" izan da Amnistia Legea, eta behin onartuta, "borrokak jarraituko" duela ohartarazi dute, "hurrengo geraleku"ra arte: erreferenduma
Bere hitzartean, gaurkoa "egun historikoa" dela azpimarratu du Miriam Noguerasek (Junts). "Gaur ez dago barkamenik. Duela hainbat mendetik nazio katalanaren eta espainiarraren artean dagoen gatazka baten batailetako bat irabazi da", erantsi du. Horren ildoan, Juntseko bozeramaileak uste du "garaipen demokratiko eta kolektiboa" izan dela legea. Are, hemendik aurrera, "borrokak jarraituko" duela ohartarazi du, "erabateko askatasuna" lortu arte. Azkenik, mezua bidali nahi izan die Espainiako epaileei, eta "Europako estandarren mailan" jartzeko deia egin die.
Ildo beretik mintzatu da Gabriel Rufian ERCko eleduna ere. "Gaurkoa garaipen eguna da, baina baita porrotarena ere. 78ko erregimenaren lehen porrotaren aurrean gaude", aldarrikatu du. Buruzagi errepublikanoak eskerrak eman dizkie Kataluniako prozesuko zigortutakoei, eta "jendeari: alkateei, erregidoreei... herritarrei bozkatzen uzteagatik jazarriak izan ziren horiei". Rufianen hitzetan, "ERC ez zegoen oker, oso bakarrik baizik. Eta gaur gertatzen ari den hau horren emaitza da, batuta dagoen independentismoaren borrokaren emaitza; indartsuak gara". Azpimarratu duenez, Amnistia Legea "ez da puntu eta bereiz", eta erreferenduma "hurrengo geralekua" izango dela iragarri du.
Euskal taldeek legea txalotu eta azpimarratu dute judizializatu eta jazarri behar ez zen auzia politikaren eremura itzularazten duela.
Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuaren ustez, "lokatza kentzeko" unea heldu da, Estatuko lurraldetasunaren auzia "konfiantza eta errespetu giro batean" landu ahal izateko. Izan ere, ohartarazi duenez, "gatazka politikoak mahai gainean jarraitzen du". Nabarmendu duenez, "garrantzitsuena" gehiengo oso bat egotea "argi duena gatazka politikoak politikaren bidez konpontzen direla". Gainera, gogora ekarri du Amnistia Legeak Europako justiziaren bahe guztiak pasatu dituela.
Mikel Legardak (EAJ) esan du Amnistia Legeari esker Kataluniako "konstituzio krisi larriari beste ikuspuntu batetik" helduko zaiola. Horren hitzetan, legea "ekimen politiko bat" da, eta aitortu du posible dela ados ez egotea, baina azpimarratu duenez, "ez du Zuzenbide Estatua arriskuan jartzen, ezta botere banaketa edo oinarrizko eskubideak ere". Espainiako Konstituzioaren araberakoa dela ere gaineratu du. Hori horrela, taldeei bidea errazteko deia egin die.
PSOEk ez du lehen mailako buruzagi bat aukeratu legearen defentsa egiteko —Felix Bolaños Presidentetza ministroa gerora azaldu da prentsaurrera—. Artemi Rallok nabarmendu duenez, "Europak, Espainiak eta Kataluniak 'bai' esan diote Amnistia Legeari", eta indultuei eta amnistiari esker, "Kataluniako politika normalizatu" da. Diputatu sozialista bereziki gogor mintzatu da Voxen aurka, eta alderdi "neofaxista" eta "filonazia" dela esan du, Abascalek Netanyahuri egindako bisita hizpide. "Gazan egiten ari diren genozidioaren izugarrikeria balioztatu du", horren aburuz. Une horretan, "ustela" eta "traidorea" hitzak entzun dira ultraeskuinaren eserlekuetatik.
Azkenik, Alberto Nuñez Feijook (PP) "koldarra" deitu dio Pedro Sanchez Espainiako presidenteari legea defendatzera ez joateagatik. Horren aburuz, Amnistia Legea "hauteskunde iruzurra" da, "interes pertsonal batzuk lortzea boterearen truke". Hala, azpimarratu duenez, "gaur PSOEren heriotza aktaren aurrean gaude".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa