08:59

Politika

Palestinako aitortza

Sanchezek Estatu palestinarraren aitortza defendatu du "bakea bermatzeko aukera bakarra" delakoan

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Espainiako presidenteak adierazpen instituzionala irakurri du bi Estatuen aitortza gatazka konpontzeko gako dela iritzita. Sanchezek Hamas gaitzetsi du, "bi estatuen kontra dagoelako", eta Israel "herrialde laguna" dela aldarrikatu.

4:36
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak adierazpen instituzionala egin du Moncloan, Espainiako Gobernuak Estatu palestinarra aitortu behar duela eta. Irlanda eta Norvegiarekin batera, aitortza gauzatuko du gaur Espainiak, eta hala, mundu zabalean Palestina estatu independente gisa aitortzen duten 140 herrialde baino gehiagori batuko zaie. 

Gaur hartutakoa "erabaki historikoa" dela esanez abiatu du Sanchezek gazteleraz eta ingelesez egindako hitzaldia. Azpimarratu duenez, aitortza Ekialde Hurbilean "bakea bermatzeko bide bakarra" da. "Ez da inoren kontra hartutako erabakia, are gutxiago Israelen kontra", erantsi du. Izan ere, horren esanetan, herrialde judutarra "laguna" da eta harekin "ahalik eta harreman onena" izan nahi dute. 

"Bakerako bazkidea" dela defendatuta, Palestinako Aginte Nazionalari babesa agertu dio Espainiako presidenteak, eta Hamas gogor gaitzetsi du, "bi Estatuen irtenbidearen kontra dagoen talde terrorista bat delako". Horren harira, gogorarazi du Espainiak "lehen momentutik eta irmo gaitzetsi" zituela "urriaren 7ko eraso terroristak", eta gaitzespen hori da, horren aburuz, "terrorismoaren aurkako borrokarekin duten borondatearen adierazle". 

Sanchezen arabera, Espainiako Gobernuak hartutako erabakia NBEren Segurtasun Kontseiluaren eta Europar Batasunaren ebazpenen ildotik dator. Hori horrela, azpimarratu du Espainiak ez duela 1967an ezarritako mugetan aldaketarik onartuko, aldeek kontrara adosten ez badute behintzat. 

"Palestinako Estatuak bideragarria izan behar du, Zisjordania eta Gaza korridore baten bitartez lotuta edukiko dituena, Jerusalem Ekialdea hiriburu duena, eta Palestinako Aginte Nazionalaren gobernu legitimo baten pean", aldarrikatu du. 

Espainiako presidenteak iragarri duenez, bihartik aurrera hiru lehentasun lortzeko lan egingo du. Batetik, "Gazako Zerrendan dagoen aurrekaririk gabeko krisia" amaitzea ezinbestekotzat jo du, eta horretarako, su eten iraunkorra, Gazan laguntza humanitarioa sartzea eta Hamasek bahitutakoak askatzea aipatu ditu pauso gisa. Bestetik, jakinarazi du Palestinako Aginte Nazionala babesten jarraituko duela gobernua osatzeko abiatutako erreformetan laguntzeko. Azkenik, bakea helburu, bazkide arabiarrekin kooperazioa lantzen jarraituko duela nabarmendu du. 

Horren ildoan, Nazioarteko Bake Konferentzia bat deitzeko "eginahaletan" jarraituko duela berretsi du, "bi Estatuen irtenbidea errealitate bihur dadin". 

"Erantzun lasai eta irmoa"

Sanchezek agerraldia egin eta ordu batzuetara, Espainiako Ministroen Kontseiluak argi berdea eman dio aitortzari, eta saioaren ondorengo agerraldian, Jose Manuel Albares Atzerri Gaietarako, Europar Batasuneko eta Kooperazioko ministroak azaldu du "erantzun lasai eta irmoa" emango dietela hemendik aurrera Israelen Gobernuak har ditzakeen neurriei. Irlandarekin eta Norvegiarekin elkarlanean emango dituztela hurrengo urratsak ere azaldu du.

Joan den astean iragarri bezala, Irlandak eta Norvegiak ere gaur aitortu dute ofizialki Palestinako Estatua.

 

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena