Itxi

Politika

Nafarroa

Trafiko eskumena blindatuko duen Foru Hobekuntzaren erreforma onartu du Nafarroako Parlamentuak

Agentziak | EiTB Media

Erreforma aurrera atera da aldeko 45 botorekin (PSN, Geroa Bai, Zurekin Nafarroa, EH Bildu eta UPN). PPk eta Voxek aurka bozkatu dute.

  • Gaurko osoko bilkura Nafarroako Parlamentuan

    Gaurko osoko bilkura Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak argi berdea eman dio trafiko eskumena blindatuko duen Foru Hobekuntzaren erreformari, aldeko 45 boto botorekin —PSN, Geroa Bai, Zurekin Nafarroa, EH Bildu eta UPN— eta aurkako bostekin —PP eta Vox—. Gaur onartutako testu eraberrituak argi eta garbi jasotzen du trafikoarena "Nafarroaren eskumen historikoa" dela.

Parlamentuko eztabaidan, alde bozkatu dutenek Nafarroaren autogobernua eta bere eskumen historikoak defendatu dituzte; aitzitik, kontra agertu direnek Guardia Zibila Nafarroatik kanporatzeko prozesua gaur hasi dela salatu dute.

Behin Nafarroako Parlamentuaren oniritzia jasota, orain Espainiako Gobernuak testu berria Gorteetara bidaliko du, Foru Hobekuntzaren izaera juridikoa aintzat hartuta, ezin baita aldebakarrez moldatu.

Diputatuen Kongresuak zein Senatuak onartu beharko dute Nafarroak trafiko eskumena bere gain har dezan. Nafarroan ordezkaritza duen PPk Senatuan erreformaren tramitazioa atzeratu dezakete, goi ganberan gehiengoa baitu. Senatuak atzera botako balu Diputatuen Kongresura itzuliko litzateke, behin betiko onartzeko.

Nafarroako eta Espainiako Gobernuek Foru Hobekuntza arautzen duen lege organikoa aldatzea adostu zuten trafiko eskumena "Nafarroako eskubide historiko" gisa blindatzeko. Hain zuzen ere, Auzitegi Gorenak Nafarroak trafiko eskumena bere gain hartzen zuen dekretua baliogabetu ondoren erabaki zuten bide hori hartzea. Trafikoa Nafarroaren eskumen historikoa dela argi eta garbi jasotzen du orain Foru Hobekuntzaren testu berrituak.

Maria Chivite Nafarroako presidenteak gaurkoa egun historikoa dela aldarrikatu du, "frankismoak kendutako" eta aurreko gobernuek aldarrikatutako eskumena dela iritzita.