Politika
GAZA, ERASOPEAN
EITB MEDIA
Espainiak, Norvegiak eta Irlandak maiatzaren 28an aitortuko dute Palestinako Estatua. Herrien autodeterminazio eskubidean oinarrituta, "erabaki ona" dela iritzi dio jardunean dagoen lehendakariak.
Iñigo Urkullu eta Maria Chivite, artxiboko irudietan
"Aitortza hau urrats on bat litzateke, badirelarik munduan errealitate propioa duten eta eskubide bera izan dezaketen beste herri batzuk ere". Iñigo Urkullu jardunean dagoen lehendakariaren hitzak dira, Palestinako Estatua aitortzeko Espainiak, Norvegiak eta Irlandak egindako iragarpenaren harira.
Sare-sozial batean zabaldutako mezuan, Urkulluk azaldu du "herrien autodeterminazioaren eskubidean oinarrituta eta Palestinako herriaren errealitatea kontutan hartuta", Palestina nazioartean Estatu gisa aitortzea "erabaki ona" litzakeela.
Erantsi duenez, "Nazio Batuen irizpideekin bat egiten" du. "Urteetan egindako proposamena izan da, Hamas eta Israelgo Gobernuaren arteko azken gatazka hasi aurretik, ere bai".
Ildo beretik mintzatu da Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea. Bere hitzetan, "giza eskubideak defendatzen ditugunontzat, albisterik onena da Palestinako Estatua aitortzea, aitzakiarik gabe". "Giza eskubideen eta Gazan su-eten baten alde. Bakea, Justizia eta Koherentzia", idatzi du X sare-sozialean zabaldutako mezu batean.
Espainiak, Norvegiak eta Irlandak maiatzaren 28an aitortuko dute Palestinako Estatua. Hiru herrialdeotako gobernuburuek, ia aldi berean egindako agerraldietan, jakinarazi dute berria, eta dei egin diete oraindik urrats hori eman ez duten beste herrialdeei, zerrendara batzeko.
Albistea zabaldu eta berehala heldu da Israelgo Gobernuaren erantzuna. Kontsultara deitu ditu Espainiako, Irlandako eta Norvegiako bere enbaxadoreak.
Bere aldetik, Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak txalotu egin du erabakia, eta uste du lagungarria izango dela gatazkaren konponbidean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa