Politika
AITORTZA
EITB Media
Data Pedro Sanchezek iragarri du Kongresuan egindako agerraldian. Espainiako presidentearekin batera, goizeko lehen ordua baliatu dute Irlandako eta Norvegiako ordezkariek iragartzeko eurek ere maiatzaren 28an aitortuko dutela Palestina Estatu gisa.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du Espainiak maiatzaren 28an aitortuko duela Estatu palestinarra. Hala, emandako hitza bete du; izan ere, aitortza uztaila baino lehen iritsiko zela esan zuen. Datorren asteartean egingo den Ministroen Kontseiluan egingo da formalki aitortza hori.
Espainiako presidenteak azaldu duenez, erabakia Espainiako Gobernuko bi kideen artean adostu dute, eta adierazi du Espainiako herritarren gehiengo zabalaren iritzia kontuan hartu dutela.
Presidentearen arabera, Espainiak aitorpen hori hiru arrazoirengatik egingo du: bakeagatik, justiziagatik eta koherentziagatik. "Hori da zuzenena", esan du, eta erabaki horren berri Espainiako Erregeari, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiari eta Charles Michel eta Ursula von der Leyen Europako Kontseiluko eta Batzordeko presidenteei eman diela gaineratu du.
Era berean, azken hilabeteetan nazioarteko beste buruzagi batzuekin izan dituen harremanak nabarmendu ditu, eta aurreratu du datozen asteetan beste herrialde batzuk ere gauza bera egingo dutela. "Aitorpen hau ez da bukaera bat. Hasiera besterik ez da, eta nazioarteari presioa egiten jarraituko dugu", ziurtatu du Espainiako Gobernuko presidenteak.
Sanchezekin batera, goizeko lehen ordua baliatu dute Irlandako eta Norvegiako ordezkariek, iragartzeko eurek ere maiatzaren 28an aitortuko dutela Palestina Estatu gisa, eta guztiek esan dute espero dutela gainerako herrialdeek bide beretik jarraitzea. Dagoeneko 140 herrialdek aitortu dute Palestina Estatu gisa.
Israeldik lehen erreakzioa iritsi da. Israel Katz atzerri ministroak Irlandako eta Norvegiako enbaxadak deitu ditu batzartzeko, iragarpenaren berri izan orduko. Eta Espainiari ere eman dio aitorpen horrek izango lituzkeen "ondorio larrien" berri.
Israelgo gobernuak uste du muduari emandako mezua dela terrorismoak merezi duela, eta Hamas konpentsatzen dutela honekin.
Sanchezen iragarpenaren ondorengo erreakzioak
Yolanda Diaz Sumarreko buruak adierazi duenez, gaur ospakizun eguna da Palestinako Estatuaren aitorpena dela eta. Horrez gain, bere alderdiak Netanyahu ikertzea proposatu du, eta Israelen aurkako Nazioarteko Gortearen auzian Espainia aurkeztea eskatu du.
Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak konponbidea bilatzearen alde dagoela berretsi du, baina aurretik bahituak entregatzea, su-etena, laguntza humanitarioa banatzea eta gatazka eskualdeko gainerako herrialdeetara ez zabaltzea beharrezkoa dela babestu du.
Ione Belarra Podemoseko buruzaren ustez, "bitartekorik gabeko Estatu palestinarraren onarpen sinbolikoak ez du premiazkoena konpontzeko balio", eta armak kentzea eta Israelgo Estatuarekin harreman diplomatikoak etetea eskatu du.
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramailearen ustez, erabakiak "Israeli arreta deitzeko" balioko du, baina "sinbolikoa" izango da, Palestinak orain ez baitu "benetako ordezkaritza" duen agintaririk.
Azkenik, Mertxe Aizpurua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak bere erabakiak "ondo neurtzeko" eskatu dio Sanchezi, eta Israelekin edo Marokorekin duen laxotasuna Argentinaren aurrean duen irmotasunarekin alderatu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa