Politika
SENTENTZIA
Etcheverry eta Molle errudun jo dituzte, baina zigorrik ez ezartzea erabaki du Parisko Zigor Auzitegiak
EITB MEDIA
"Pozik" agertu dira sententziarekin Etcheverry eta Molle, bien iritzian, frogatuta geratu delako euren ekintzen xedea indarkeria amaitzea eta bakea lortzeko urratsak ematea izan dela beti. Helegiterik ez dutela aurkeztuko iragarri dute.
Luhusoko operazioan atxilotutako Jean Noel Etcheverry Txetx eta Beatrice Molle 'bakearen artisauak' errudun jo dituzte, baina zigorrik ez ezartzea erabaki du Parisko Zigor Auzitegiak, bi ekintzaileon helburua bake-prozesuan laguntzea zela onartuta.
Auziaz arduratu diren epaileek frogatutzat eman dute Etcheverryk eta Mollek armak eduki eta garraiatu zituztela, joan den apirilean egindako epaiketan auzipetuek eurek aitortu bezala. Horrekin batera, baina, ebazpenean jasota geratu da ekintza horren helburua ETA desegitea eta bakea eraikitzen laguntzea zela. Horrenbestez, ez dute Frantziako Terrorismoaren aurkako Fiskaltzaren ildoa babestu: bi urteko kartzela-zigorra eskatu zuen fiskalak Etcheverryrentzat eta urtebetekoa Mollerentzat, baina espetxean sartu gabe.
"Pozik" agertu dira sententziarekin Etcheverry eta Molle, bien iritzian, frogatuta geratu delako euren ekintzen xedea indarkeria amaitzea eta bakea lortzeko urratsak ematea izan dela beti. Helegiterik ez dutela aurkeztuko iragarri dute.
"Kontentu gaude ebazpenarekin. Guk beti pentsatu dugu egin duguna beharrezkoa zela, eta berriz egin beharko bagenu, egingo genukeela. Eragin biziki baikorra ukan du gizarte osoan", esan du Etcheverryk. Halaber, Espainiako zein Frantziako gobernuei eskatu die "dagokien ardura" hartzeko eta "bake iraunkor bat eraikitzeko" pausoak emateko.
Ildo beretik mintzatu da Molle ere. Esan duenez, oraindik "egiteko oso garrantzitsu" bat geratzen da: "adiskidetzea eta biktima guztien aitortza".
Biak 2016ko abenduan atxilotu zituzten Luhuson (Lapurdi), ETAren armategia desagerrazteko lanean ari zirela.
"Epaia berri ona" dela uste dute EH Bilduk eta EH Baik, "daukan esangura politikoarengatik". Hala ere, azpimarratu dute errugabeak direla ebatzi behar zuela Pariseko auzitegiak. Zigorrik ez jartzeak, koalizio subiranisten esanetan, agerian utzi du "Luhusoko ekintza kolektiboa erabat zilegia" zela eta, aldi berean, "Euskal Herriko bake prozesuaren eraginkortasuna". Agerian utzi du, halaber, "Fiskaltzaren jarreraren ahultasuna", ohar batean erantsi dutenez. Zentzu horretan, epaiaren aurkako helegiterik ez jartzeko eskatu diote Fiskaltzari.
Ohar batean, ELA sindikatuak epaia deitoratu du, eta bi akusatuen absoluzioaren alde egin du. Hala ere, pozik agertu da zigorrik ezarri ez delako, eta, beraz, ebazpena "garaipentzat" jo du, "izan ere, epaimahaiak, nolabait, oniritzia eman dio inputatuek egindako ekintza baketsuari, horrek Estatuaren geldotasuna ordezkatu nahi baitzuen".