Politika
SALAKETA POLITIKOA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek salatu dute UPNko alkateek "iruzurra" egiten dietela herritarrei, eta "kaltea" Udalaren diru-sarrerei. Cristina Ibarrolak bere defentsan esan du ez duela txostenik ezkutatu, ez zegoela amaituta eta "zirriborroa" besterik ez zela.
Iruñeko ordezkari politikoen artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Ura arre dator Iruñeko Udalean. EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroak salatu dutenez, UPNko alkateen jardunagatik, 30 milioi euro galdu ditu 2021etik Iruñeko Udalak, balio katastralak eguneratzeko balorazio ponentziaren txosten bat "nahita ezkutatzeagatik".
Udal talde guztiak oso haserre agertu dira.
Joseba Asiron (EH Bildu) Iruñeko alkateak dimisioak eskatu ditu. Izan ere, bere iritziz, hiriko katastroa baloratzeko txostenaren eguneratzeak "kaxoi batean ezkutatu dituzten UPNko arduradunek gaur bertan etxera alde egin beharko lukete".
Asironek komunikabideei azaldu dienez, balorazio txostena "Udalak bere mugetan dauden jabetzengatik (etxebizitzak, pisuak eta abar) jaso behar duen dirua kalkulatzeko balio duen dokumentua da. Eta, beraz, diru-iturri oso garrantzitsua da".
Ponentzia hori "aldian-aldian eguneratu behar da, bestela inflazioa dela eta, balioa galtzen duelako", baina Iruñeak "25 urte daramatza balorazio-txostena eguneratu gabe, horrek dakarren guztiarekin", azaldu du. Asironek adierazi duenez, EH Bilduko alkatetzatik eguneraketa partzial bat hasi zen 2016an, eta 2018an balorazio txosten berri bat enkargatu zen.
Salatu duenez, balorazio hori egin dadila eskatzen aritu dira behin eta berriz, eta orain jakin dute eginda zegoela "eta gordeta zutela, 2021etik, eta, ondorioz, Iruñeako Udalak urtean 10 milioi euro inguru jasotzeari utzi dio, hau da, 30 milioi euro galdu ditu guztira".
"Kasualitatez" jakin dute
Udal ordezkariek "kasualitatez" jakingo zuten txostena bazegoela, Tracasa enpresa publikoko teknikariek batzordean agerraldia egin ondoren. 2021ean amaitu zituztela lan teknikoak jakinarazi zuten, udalaren balorazio txosten berria onartu ahal izateko lanak, alegia.
PSN-PSOEtik, Marina Curiel bozeramaileak adierazi duenez, "ezustekoa izan zen lana 2021ean amaitu zela jakitea eta Navarra Sumaren aginduz ez zela eguneratzerik izan ezagutzea".
"Eskuindarren udal kudeaketa arduragabearengatik eta UPNk Ibarrolaren legegintzaldi laburrean erakutsitako utzikeriarengatik, ponentzia ez dago eguneratuta, eta hori dela eta ezin ditugu hainbat neurri hartu, adibidez, % 90erainoko hobari fiskalik ematea familia ugariei, errenta baxuak dituzten guraso bakarreko familiei eta kotizazio gabeko pentsiodunei etab".
Mikel Armendariz Geroa Baiko bozeramaileak ere gauza bera salatu du. "UPNk eta bere alkatetzek modu kontzientean Iruñeak 30 milioi euro galtzea ekarri dute", esan du, "Enrique Mayak eta UPNk bazekiten beharrezkoa zela balorazio txostena eguneratzea, baina ez zuten egin Iruñeko herritarren ekarpena handitzea saihesteko, kaxoi batean gorde zuten, 2023an hauteskundeetan kalte egingo zielakoan", gaineratu du.
Ildo berean hitz egin du Txema Mauleon Contigo-Zurekin alderdiko ordezkariak ere: "Mayak eta Ibarrolak funtsezko informazioa ezkutatu dute, gezurra esan dute eta iruzur egin diete Iruñeko herritarrei", deitoratu du. Izan ere, txosten hori ezkutatzeak "oso ondorio larriak izan ditu hiriaren kaudimen ekonomikoan", gogoratu duenez.
Cristina Ibarrola komunikabideen aurrean, ostiral honetan. Argazkia: EFE
Ibarrolak ukatu egin du ezer ezkutatu izana: "Hasierako zirriborroa baino ez zen, ezin zen bukatutzat eman"
Cristina Ibarrola Iruñeko alkate ohi eta UPNren Udaleko bozeramaileak irmotasunez ukatu ditu akusazioak. Hala, erabat ukatu du katastroaren balorazioa eguneratzeko txostenaren dokumentua ezkutatu izana, eta adierazi du "hasierako zirriborroa besterik ez" zela, "desoreka handiak" zituela, eta "ezin zela amaitutzat eman".
Alkate ohiak azaldu duenez, zirriborro hori kontuan hartuz gero, erosteko ahalmen txikiena duten auzoetako bizilagunek gehiago ordainduko zuketen zergetan, eta "zigorra" ekarriko zien horrek. "UPNk nahiago du diru horrek herritarren poltsikoan jarraitzea" gaineratu du, "ez baita gure lehentasuna zergak igotzea".
Lana amaitu gabe zegoela berretsi du komunikabideen aurrean egindako agerraldian, 2024ko azaroan amaituko zela, eta 2025eko urtarrilean indarrean sartzeko asmoa zuela defendatu du.
"Apirilaren 26an oraindik amaitu gabe zegoela esan zen. Zergatik atera da orain teknikariek ez publiko egiteko eskatu zuten dokumentu bat? Ezin da eman gezurra den informaziorik. 30 milioiren kontu hori zientzia-fikzioa da. Amaitu gabeko dokumentu batekin ez dakigu zenbatekoa izango litzatekeen", ihardetsi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa