Politika
Eusko Legebiltzarra
Anduezak "anbizio handiko programa" bat adostu nahi du EAJrekin "gobernu aurrerakoia" lortzea helburu
EITB Media
PSE-EEren idazkari nagusiak bilera egin du Legebiltzarrean, 12 hautetsiek euren akreditazioa jaso ostean. Nabarmendu duenez, "Euskadi berri bat" eratzeko "politika zehatzak" bilatuko dituzte, "distrakzio gabe, eta horretarako interes alderdikoia ez da interes orokorrarekin nahastu behar"
Eneko Andueza PSE-EEren buruzagiak aurreratu duenez, "aurki", "dena ondo bidean", itxiko dute koalizio gobernurako akordioa EAJrekin, eta adostutakoa "anbizio handiko programa" bat izango dela hitz eman du, "gobernu aurrerakoi bat" helburu.
Anduezak Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok, 12 hautetsi sozialistek euren akreditazioa jaso ondoren egindako batzarrean.
Euskadik hainbat erronka dituela azpimarratu du —osasuna, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, enplegu duina, industriaren digitalizazioa eta etxebizitza aipatu ditu, besteak beste— eta horiei aurre egiteko "politika zehatzak" behar direla erantsi.
"Ez ditugu distrakziorik behar, eta horretarako interes alderdikoia eta da interes orokorrarekin nahastu behar", esan du. Anduezaren hitzetan, sozialistak "erabakigarriak" izango dira datorren legealdian eta gobernuan, baina baita "arduratsuak" ere. "Ez ditugu herritarrak engainatuko", gaineratu du.
Anduezak argi utzi nahi izan du "Euskadi berri bat eraikitzeko" lehentasunak aipatzeak ez duela Sailekin zerikusirik: "Gure lehentasunak zerrendatzen ditudan bakoitzean espekulazioak hasten dira sozialistok sail jakin bat edo beste bat gidatu nahi dugulakoan".
Horren aburuz, apirilaren 21ean eskuratutako 150.000 botoei eta 12 ordezkariei esker, helburu zuten "indarra eta Jaurlaritzan erabakitzeko ahalmena" lortu dute.
Azkenik, aurreko legealdia "emankorra" izan zela adierazi du. Nabarmendu duenez, hainbat lege "sozialisten eskutik" atera ziren aurrera, hala nola, Enpleguaren legea, Diru-sarrerak Bermatzeko Sistemarena, mugikortasun jasangarriarena edo kontsumitzaileena. Horrez gain, esan du PSE-EEk "modu erabakigarrian" eragin zuela Klima Aldaketaren Legean, eta "azken unera arte borrokatu" zuela "Hezkuntza Legeak garrantzitsuena zena jaso zezan, alegia, emaitzak eta formazioa hobetzea".