Politika
USTELKERIA
agentziak | eitb media
Ministro ohiak azpimarratu du akusatua ez zela osasun materiala erosteaz arduratzen zen batzordeko kidea.
Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministro ohi eta Kongresuko diputatua. Argazkia: EFE
Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministro ohi eta Kongresuko diputatuak esan du ez zuela pandemian osasun materialaren erosketan ustez izan diren irregulartasunen berri, eta zalantzan jarri du trama bat zegoela.
Abalos agerraldia egiten ari da Senatuan Koldo Garcia bere aholkulari ohiaren ustezko komisio tramari buruzko Ikerketa Batzordean, eta esan du ez zela kontratuetako xehetasunen jakitun.
Ministro ohiak esan du ez zuela osasun materialaren erosketen jarraipenik egin, eta berretsi du horren ardura osoa Jesus Manuel Gomez Garcia azpi-idazkariaren esku utzi zuela.
Azaldu du Koldo Garcia ez zela jarraipen taldeko kide, eta esan du orain "justizian soilik" duela konfiantza, "baina ez dituen bertuteengatik, baizik eta ez dudalako konfiantza beste inorengan jartzerik".
Ministro ohiak, talde sozialistatik kanporatuak, adierazi du epaiketa paraleloa egiten ari zaizkiola eta "akusazio printzipioa nahieran" erabiltzen ari direla.
Osasun materialaren kontratuei dagokienez, esan du azpi-idazkaria zela arduraduna, berari eman ziola kontratuen kudeaketaren ardura: "Berak bideratu zituen kontratazio guztiak". Horixe erantzun du Soluciones de Gestion enpresari egindako erosketen berririk ez zuela berretsi ostean.
"Gustura nengoen egindako kudeaketarekin, materiala edukitzea ahalbidetu zuelako, eta besteek baino zertxobait merkexeago", nabarmendu du ministro ohiak, "kontratazioak malgutu bai, baina legetik kanpo ez" zirela egin adierazi ostean.
Bestalde, ministro ohiak baieztatu du helegitea jarriko duela PSOEko militantzia kendu ziotelako, ez baitago antzeko aurrekaririk.
Kongresuan ere galdekatuko dute
Abalosek PSOE utzi zuen Koldo Garciaren auzia plazaratu zenean, eta Kongresuko Talde Mistoan dago orain. Hain zuzen ere, Kongresuan ere egingo du agerraldia pandemia garaian osasun materialaren erosketetan izan ziren balizko kontratazio irregularrei buruzko batzordean.
Senatuaren kasuan, apirilaren 22an hasi ziren saioak, Koldo Garciaren beraren eta Salvador Illa Osasun ministro ohiaren agerraldiekin. Santos Cerdan PSOEren Antolakuntza idazkariarena izan da azkeneko agerraldia, apirilaren 30ean.
Kongresuan, berriz, astearte honetan bilduko da ikerketa batzordearen mahaia hurrengo pausoak zehazteko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa